Gazteen lokalak arautzen dituen ordenantza berria onartu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2016ko urr. 28a, 18:12

“Gazteen topagune gisa erabiltzen diren lokalak arautzen dituen Udal Ordenantza” berria onartu du Elgoibarko Udalak. Bizikidetza protokolo bat ere sortu dute eta gazteentzako lokalen erregistro bat ere egin nahi dute.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, ordenantza berriaren helburua bikoitza da: alde batetik, lokalek beharrezkoak diren gutxieneko segurtasun eta garbitasun baldintzak bete ditzatela bermatzea; eta, bestetik, lokalek duten jardunaren bilakaera eta bizilagunek jarduera horren ondorioz, eragozpenik ez izateko duten eskubidea uztartzea. Ildo horretan, ordenantza berriak bizikidetza protokolo bat ezartzen du, erabiltzaileek arau-hauste gisa jasota dauden jarduerak egiten dituztenean abian jarriko dena.

Ordenantza berria indarrean dago joan den irailean Elgoibarko Udalbatzarrak onartu eta gero.
Araudi berri hau, 2010eko abenduan Udalbatzarrak onartutako Elgoibarko gazteen topaguneei buruzko udal araudiaren egokitzapena da. Egokitzapen eta hobekuntza hauek martxan jartzeko, gazteen iritzia jaso dutela nabarmendu dute udal arduradunek.

Elgoibarko alkate Ane Beitiak azaldu du Udalak gazteen lokalen erabilera arautu nahi duela, "gazteek lokalak erabiltzeko aukera izan dezaten eta bizilagunekin eta orokorrean herritar guztiekin elkarbizitza egokia bermatzeko”.

Elgoibarko gazteen lokalen erregistroa

Udalak erregistro bat sortuko du, non gazteentzako topagune gisa erabiltzen diren lokal guztiak inskribatuko diren. Bertan, lokalaren jabearen datuak, lokala erabiliko duen kuadrilla e.a. jasoko dira. Erregistro hori, lagungarria izango da, gatazkaren bat sortzen baldin bada, Udalak gazteen eta bizilagunen arteko bitartekaritza lanak egin ditzan.

Ordenantzak adierazten du zeintzuk diren lokalen erabiltzaileek izango dituzten betebeharrak eta debekuak. Era berean, arau-hauste arin, larri eta oso larri gisa tipifikatuta dauden jarrerak ezartzen dira. Hala, arau-hausteren bat eginez gero, “bizikidetza protokoloa” delakoa aktibatuko da, eta ordenantzan ezarritako kautelazko neurriak hartuko dira: hala nola, ohartarazpenetik hasi eta lokala aldi baterako, hau da, hilabeterako edo bi hilabeterako, ixtera arte.

•Bizikidetza protokoloa pausoz pauso

Udalak arau-hauste arinen bat egin dela jakiten duenean, ondorengo bizikidetza protokoloa jarriko du abian.

  1. Udalak lehenengo arau-haustea antzematen duenean, Gazteria Saileko ordezkariek lokalaren ordezkarien solaskideei bilera baterako dei egingo diete. Erabiltzaileak adingabeak baldin badira, solaskide diren gurasoei edo tutoreei ere dei egingo zaie, hala nahi baldin badute, bilerara joan daitezen. Bilera horretan Gazteria teknikaria eta udaltzain bat egongo dira. Lokalaren erabiltzaileei egindako arau-haustea aditzera emango zaie, eta bidenabar, ohartaraziko zaie, lau hilabeteko epean, beste arau-hausteren bat egiten baldin bada, Udalak lokala kautelaz ixteko agindua emango duela, hilabeterako.
  2. Lehenengo arau-haustea egin eta lau hilabeteko epearen barruan, beste arau-hauste arin bat egin dela egiaztatzen baldin bada, berriro ere, erabiltzaileen solaskideei, eta adingabeak izanez gero, guraso edo tutore solaskideei ere beste bilera baterako dei egingo zaie.

Bilera horretan aditzera emango zaie beste arau-hauste bat egin dela, eta ondorioz, lokala hilabeterako ixteko agindua adieraziko zaie.

Era berean, aipatuko zaie, itxiera agindua urratzen baldin bada, itxiera beste hilabete batez luzatuko dela.

Udalak arestian aipatutako arau-hauste larriren bat egin dela jakiten duenean, Gazteria Saileko ordezkariek bilera baterako dei egingo diete erabiltzaileen solaskideei. Erabiltzaileak adingabeak baldin badira, solaskide diren gurasoei edo tutoreei ere dei egingo zaie, hala nahi baldin badute, bilerara joan daitezen. Bilera horretan, lokala bi hilabetez ixteko agindua adieraziko zaie.

 

Lotura duten albiteak: