Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak izango ditugu uztailaren 23an, eta alderdi politikoak kanpaina betean daude. Atzokoan EH Bilduko politikariek Elgoibar bisitatu zuten, eta prentsaurrekoa eman zuten Maalako parkean. Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako hautagaia, Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako hautagaia eta Rebeka Ubera izan ziren Elgoibarren. Besteak beste, Osasun Sistemari buruz hitz egin zuen Aizpuruak: "Gure osasun sistema defendatu eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, baita Madrilen ere", esan zuen, "ribatizazioak eragozteko, oftalmologia eta hortz zerbitzua sistema publikoan sartzeko, hilekoaren higiene produktuak doan izateko, eta osasun mentalari dagokion arreta duintzeko". Elgoibar euskal herritarren beharrei erantzun ahal izateko Osakidetzak dituen arazoen adibide ona dela adierazi zuen, eta Osakidetzak zerbitzu publiko eta kalitatezkoa izan behar duela gaineratu zuen, "hartzen diren erabakiak kontrako norabidean doazen arren". Euskal osasun sistema indartzeko lan egingo dutela nabarmendu zuten, "baita Madrildik ere".
Ekitaldi politikoa gaur, Maalako parkean
Kanpainaren barruan, bestalde, ekitaldi politikoa egingo dute gaur arratsaldean Maalako parkean, Elgoibarko EH Bilduk antolatuta.Aitziber Aranberri Elgoibarko EHBilduko bozeramailearen eta Larraitz Ugarte Zubizarreta Kongresurako EH Bilduko hautagaiaren hitzaldiarekin hasiko da 'Berriro egingo dugu' izeneko ekitaldia, 20:00etan. Ugarte koalizioko bozeramailea izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta mugikortasun eta azpiegitura arduradun (2011-2015), eta harrezgero legebiltzarkidea izan da Eusko Legebiltzarrean.
Berbaldiaren ostean, 'Itxaropena' izeneko ikuskizuna taularatuko du Taupada antzerki taldeak, Nerea Cuende eta Ruben Markina aktoreekin. Elkarrekin bertso bat kantatuz emango diote amaiera ekitaldiari.