Debabarrenean EH Bildu da orain lehen indarra

Barren.eus 2023ko mai. 29a, 12:12

Debabarrena eskualdeko herrietan EH Bilduk eskuratu ditu boto gehien 11.300, bigarren indarra izan den EAJ-PNVk baino 1.166 boto gehiago eta lehen indarra bihurtu da EAJren aurretik.

PSE-EE izan da hirugarren indarra 7.760 botorekin eta laugarrena, berriz, Elkarrekin Podemos, 2.302 boto jasota. Azkenik, PPk, 1.457 eskuratu ditu. Herriz herriko emaitzei erreparatuz gero, EHBilduk lau herritan irabazi du: Soraluzen, Mendaron (aurretik EAJ zegoen), Deban eta Mutrikun; EAJk bi herritan: Mallabian eta Elgoibarren; eta, azkenik, PSE-EE izan da indarrik bozkatuena bailarako bi herri nagusietan: Ermuan eta Eibarren.

Debabarrenean, hiru alderdi nagusiek jaso dituzte 2019an baino boto gutxiago. Guztien artean, PSE-EE izan da jeitsierarik handiena izan duena, 2.371 boto galduta. EAJk ere boto galera handia izan du: 1.373 boto gutxiago eta bailarako alderdirik bozkatuena izateari laga dio EH Bilduren mesedetan. Lehen aldiz, koalizio independentista bihurtu da bailarako indarrik bozkatuena.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Debabarrena tokikom 700x700

Ondorengoak izan dira emaitzak herriz herri Debabarrenean, handienetik txikienerako hurrenkeran:

 • Eibarren PSE-EEk irabazi du baina zinegotzi bat galdu du
Bailarako herri nagusian, Eibarren, PSE-EEk irabazi ditu hauteskundeak baina zinegotzi bat galdu du eta aldiz, EH Bildu bigarren indar moduan kokatu da zinegotzi bat gehiago eskuratuta. EAJ, berriz, hirugarren indarra izatera pasatu da zinegotzi kopuruari eutsita. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: PSE-EE-k 8, EHBilduk 6, EAJ-k 6 eta Elkarrekinek 1.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Eibar barrak tokikom 700x700

 • Ermuan PSE-EEk irabazi du baina zinegotzi bat galduta
Ermuan, PSE-EEk irabazi ditu hauteskundeak baina 2019ko hauteskundeetan baino 1.091 euro gutxiago eskuratu ditu eta zinegotzi bat galdu du. EAJ-k ere zinegotzi bat galdu du eta ostera, EH Bilduk zinegotzi bat gehiago eskuratu du eta bigarren indarra izatera pasatu da. PPk gora egin du eta zinegotzi bat gehiago eskuratu du. Elkarrekinek zinegotzi kopuru berari eutsi arren, gora egin du boto kopuruan. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: PSE-EEk 6, EHBilduk 4, EAJk 3, Elkarrekinek 2 eta PPk 2.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Ermua barrak tokikom 700x700

 • Elgoibarren EAJk irabazi du zinegotzi kopuruari eutsita
Elgoibarren, EAJ izan da garaile baina aurreko hauteskundeetan baino 362 gutxiago jasota. Bigarren izan da EH Bildu, 10 boto gutxiago eskuratuta. Biek eutsi diote aurretik zuten zinegotzi kopuruari. PSE-EEk, ostera, zinegotzi bat gehiago eskuratu du eta Elkarrekinek zuen bakarra galdu du. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EAJk 8, EH Bilduk 7 eta PSE-EEk 2.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Elgoibar tokikom 700x700

 • Deban EH Bilduk irabazi du baina EAJk berdindu egin du zinegotzi kopuruan
Deban, EH Bildu izan da garaile 2019an baino 48 boto gehiago eta zinegotzi kopuru bera eskuratuta, baina aldi berean EAJk nabarmen egin du gora, hiru zinegotzi gehiago eskuratu ditu -aurretik zuen kopuruaren bikoitza- eta berdindu egin du EH Bilduren zinegotzi kopurua. Bestalde, Elkarrekinek, lehen aldiz, zinegotzia eskuratu du. Gogoratu behar da, 2019an Debarren Ahotsak 4 zinegotzi eskuratu zituela eta hauteskunde hauetan ez dela aurkeztu. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 6, EAJk 6 eta Elkarrekinek 1.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Deba tokikom 700x700

 • Mutrikun EH Bilduk irabazi du zinegotzi kopuruari eutsita
Mutrikun, EH Bildu izan da garaile, baina 2019an baino 189 boto gutxiago eskuratuta, hala ere, zinegotzi kopuruari eutsi dio. EAJ izan da bigarren indarra eta jeltzaleek ere 184 boto gutxiago jaso badituzte ere, zinegotzi kopuruari eutsi diote. Berdiak Equo izan da nobedadea, lehen aldiz, zinegotzi bat eskuratu baitu. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 7, EAJk 5 eta Berdiak Equok 1.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Mutriku tokikom

 • Soraluzen EH Bilduk alkatetza berreskuratu du
Soraluzen EH Bildu izan da garaile, zinegotzi bat gehiago eskuratuta eta hala, gehiengo osoa eta alkatetza berreskuratu du. Izan ere, EAJk zinegotzi bat galdu du eta PSE-EE zinegotziei eutsi dien arren, ez dute gehiengoa errepikatzeko aukerarik izango. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EHBilduk 6, EAJk 4 eta PSE-EE 2.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Soraluze barrak tokikom 700x700

 • Mendaron EH Bilduk alkatetza berreskuratu du
Mendaron EH Bilduk irabazi du, zinegotzi kopuruari eutsiz eta horrek alkatetza ziurtatu dio. Izan ere, EAJk zinegotzi bat galdu du eta PSE-EEk ere bai, zuen bakarra. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EH Bilduk 5 eta EAJk 4.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Mendaro tokikom 700x700

 • Mallabian EAJk irabazi du zinegotzi bat galduta
Mallabian, EAJ izan da garaile eta 113 boto galdu ondoren, jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute. EH Bilduk, berriz, 2019ko hauteskundeetan baino 22 boto gehiago eskuratu ditu eta zinegotzi bat irabazi du. Honela gelditu da alderdi bakoitzaren zinegotzi kopurua: EAJk 5 eta EH Bilduk 4.

2023 05 28 M28 hauteskundeak barrak Mallabia barrak tokikom 700x700

Debabarrena