Alkatetza lortu du EH Bilduk Mendaron

Barren.eus 2023ko mai. 28a, 20:27

EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Mendaron, 446 botorekin. Gehiengo osoa lortu du EHBilduk, eta Enetz Ezenarro izango da datorren lau urteetarako alkate.

EAJk baino 66 boto gehiago eskuratu ditu EH Bilduk. EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena, 380 botorekin. PSE-EEk zeukan zinegotzi bakarra galdu du, 77 boto eskuratuta.

1.442 lagun zeuden gaur botoa ematera deituta Mendaron eta 943k eman dute. Parte-hartzean ez da duela lau urteko hauteskundeetatik aldaketa handirik izan, baina bai azken emaitzean. 2019ko udal hauteskundeetan ere, EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena, 451 botorekin, baina EAJk alkatetza kendu zion, PSE-EErekin akordioa eginda. Gaur, ordea, gehiengo osoa lortu du EHBilduk, 446 botorekin, eta Enetz Ezenarrok hartuko du Iñaki Arregiren lekua alkatetzan. Bost zinegotzi lortu ditu EH Bilduk. EAJk Bilduk baino 66 boto gutxiago eskuratu ditu, eta horrenbestez, 4 zinegotzi izango ditu legegintzaldi berrian. PSE-EE jokotik kanpo gelditu da, 77 botorekin ez baitu eserlekurik eskuratu. 22 boto zuri zenbatu dituzte eta 18 boto baliogabe.

Ikus bideoan Enetz Ezenarroren balorazioa

 • Foru Hauteskundeak
Batzar Nagusietarako bozetan ez da ezustekorik izan Mendaron. Duela lau urtekoetan bezala, EAJk jaso du babes handiena, 404 botorekin. Hala ere, botoetan behera egin du EAJk. 2019an, 447 boto bildu zituen (botoen %45,84), eta gaur, 43 gutxiago: 404 (botoen %43,86). EH Bildu izan da bigarren alderdi bozkatuena. Botoetan bost puntu egin du gora, %33,74tik %38,65era. PSE-EEk, bestalde, 82 boto eskuratu ditu eta Elkarrekin Podemosek, 53. PPk, bestalde, sei boto lortu ditu eta Stop-ek, bost. Hamabost lagunek zuri bozkatu dute.

 

2023 05 28 udal hauteskundeak 2023

2023 05 28 udal hauteskundeak 2023 mendaro barrak

2023 05 28 M28 mendaro taula emaitzat Tokikom