Gurrutxagak adierazi du Elgoibarren bizi proiektua egiteko aukerak aurkituko dituen gazteria nahi dutela. "Horretarako, etxebizitza-, enplegu-, aisialdi-, kirol- eta kultura-aukerak sustatzen jarraituko dugu, eskura dituzten hezkuntza- eta prestakuntza-baliabidekin eta -zentroekin. Orainaldi eta etorkizun duin batekin”.
Gazteentzako "kalitatezko" lan-aukerak eskaintze aldera, gazte-enplegua sustatzeko politikak bultzatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du alkategai jeltzaleak, eta esan du horretarako zeharkako emantzipazio-politika espezifikoak behar direla, beste elementu batzuk barne hartzen dituztenak, hala nola alokairu soziala, zerga-kenkariak eta etxebizitza edo diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko laguntzak, bai eta emantzipazioa errazteko beharrezkoak diren informazio-, orientazio- eta laguntza-zerbitzuak ere.
Helburu bat dutela azaldu du, honakoa: "Gazteria aktiboa eta parte-hartzailea sustatzea eta gazteen interesetara egokitutako aisialdiko, kulturako eta kiroleko agenda bat egitea".
Egin asmo dituztenen artean aipatu ditu: anbulatorioko eraikinean Jaurlaritzarekin lankidetzan, gazteentzako alokairu-etxebizitzen proiektua bultzatzea; Elgoibarko gazteentzako tokiko kultur, kirol eta aisialdiko agenda bultzatzea, "modu parte-hartzailean", eta "gazteria aktiboa eta parte-hartzailea sustatzeko" bideak sortzea.
Ildo beretik, hartu asmo dituzten neurrien artean Elgoibarko Gazteen Emantzipaziorako I. Plana martxan jartzea nabarmendu du. Plana egiteko arrazoiak eta helburuak zerrendatu ditu: "Elgoibarren gazteen emantzipazioaren aldeko apustua indartzea, alokairurako laguntzak indartuz eta alokairu babestua sustatuz; jenderik gabeko edo erabilera txikiko etxebizitzak aktibatzeko programak indartzea; Elgoibarko gazteen komunikazioa eta arreta hobetzea, alokairua ordaintzeko laguntza- eta prestazio-sistemetan sartzeko informazioa eta izapideak erraztuz; etxebizitzen eskaintza handitzea, etxebizitza-parkea birgaitzea sustatuz; eta, erakundeen eta eragileen arteko gobernantza- eta koordinazio-sistemak indartzea".
Gurrutxagak botoa ematera joateak duen garrantzia gogorarazi die gazteei; “Elgoibar eta Gipuzkoa hobetzeko eta gazteen etorkizuna hobetzeko tresnarik onena izango da. Etorkizun bidezkoagoa eta solidarioagoa, Aurrera egiteko”.