Auzoetako irisgarritasuna hobetzeko dituzten proposamenen berri eman du Elgoibarko EAJ-PNVk

Barren.eus 2023ko mai. 22a, 12:07

Herriko auzoen kohesioaren eta mugikortasun iraunkorraren alde egin asmo dituzten lanen errepasoa egin du Elgoibarko EAJ-PNVk.

Maialen Gurrutxaga hautagai jeltzalearen esanetan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko ezinbestekoa da auzo guztietara iristea, "bertako irisgarritasuna hobetzea”. Bere alderdiak kohesio soziala defendatzen duela adierazi du Gurrutxagak, prentsa ohar bidez, "elkarbizitza eta garapen komunitario erreal eta eraginkor baterako ezinbesteko balio handi gisa; gure auzoen kohesioa. Auzo guztiek eta elgoibartar guztiek aukera berdinak izan ditzaten", esan du.

Elgoibarren mugikortasun iraunkorra garatzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu du Gurrutxagak, eta proposatu du "oinezkoekin eta bizikletekin hiri atseginago baterantz doan hiri-diseinua" lantzeaa. Mugikortasun aktiboagoa eta garbiagoa sustatuko dutela gaineratu du, eta baita kultura-aldaketa bat bultzatuko dutela ere, "oinezkoen mugikortasuna eta bizikleta gure joan-etorri profesional eta aisialdikoetan garraiobide zabalduagoa izan daitezen".

Herriko auzoen kohesioa eta irisgarritasuna hobetzeko hainbat proposamen egin ditu EAJk. Batetik, Urazandi auzoko irisgarritasuna hobetzea, King-Kong zubia eraberrituz, igogailu berri bat eraikiz eta bide berri bat sortuz. Bigarrenik, Altzola eta udalerriaren erdigunea lotuko dituen bidegorri bat sortzea aipatzen dute jeltzaleek. Hirugarren proposamena da oinezkoentzako pasealeku eta ibilbide berriak sortzea, -eta daudenak egokitzea, Elgoibarko auzo guztien irisgarritasuna hobetzeko. Artekaleko eskaileren ordez igogailu bat jartzea da euren laugarren proposamena. Azkenik, landa-bideak hobetzea proposatzen dute, besteak beste, Sallobente-Ermuaranerako bidea egokituta, "oinezkoen ibilbidea markatuz".