Maialen Gurrutxaga: “Herritarrei konfiantza eskatzen diegu, aurrerantzean ere esandakoa beteko dugulako”

Barren.eus 2023ko mai. 19a, 08:00

Aho batez aukeratu zuen Elgoibarko Uri Batzarrak herriko alkate izateko hautagaitzat Maialen Gurrutxaga Uranga (Elgoibar, 1992). 2015etik da zinegotzi, eta 2016tik, legebitzarkide ere bada.

Kimikan graduatua da EHUn, eta azkeneko legegintzaldian Euskara, Gazteria eta Berdintasun Sailen ardura izan du Udalean. Era berean, EAJren bozeramaile lanak ere bete ditu Elgoibarren. 19 urte zituela batu zen EGIra, EAJren gazte erakundera.

Alkategai izateko proposatu zaitu alderdiak. Zerk bultzatu zaitu baietza ematera?
Politikan sinisten dut, herrigintzan. EAJk proiektu sendoa du, eta jaio naizen herriari nire ekarpena talde lanean egin ahal izateak betetzen nau.

Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Azken urteetan, zinegotzi eta legebiltzarkide lana etengabeko ikasketa prozesu bat izan da: herria eta herritarrak hurbil sentitu, ezagutu eta ulertzeko aukera paregabea. Elgoibartarren bizi-kalitatearen hobetzea oinarritzat hartuta, proiektu onenak proposatzen ditugulako. Eztabaida eraikitzailean sinesten dudalako eta akordioak bilatzen ditudalako. Eta garrantzitsuena, talde sendo batez nagoelako inguratuta; konprometituak izateaz gain, ekonomia, gizarte ekintza, enpresa eta hiri planeamendua bezalako arloetan iaioak diren taldekideez.

Zure alderdiak duela lau urte hainbat proiektu aurkeztu zituen legegintzaldi honetan egitekoak zirenak. Proiektu horien errepasoa eginda, zein
mailatan bete direla esango zenuke?
Maila oso altu batean bete ditugu denak, esan dezakegu proiektu guztiak eginda edo egiten ari direla. Hitzeko pertsonak osatzen dugu EAJ eta horregatik herritarrei konfi antza eskatzen diegu, aurrerantzean ere esandakoa beteko dugulako.

Zeintzuk dira Elgoibarrek dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zein indargune ditu?
Batez ere gure orografi ak sortzen dizkigun zailtasunak; lehena, gure lur industriala handitzeko; bigarrena, irisgarritasuna auzo guztietara bermatzeko. Azkenik, eraikin industrial degradatuek okupatzen duten guneen errekuperazioa. Indarguneak asko dira. Elgoibar beti izan da herri parte-hartzailea, kaleak bizirik daude eta hori elgoibartar guztiei esker da. Herriko eragileek Udalarekin elkarlanean antolatzen dituzten ekintzei esker. Industrian maila gorenean egoteagatik ezagunak gara munduan. Hezkuntzatik hasi, lan mundurako trantsizioan eta industri lanean erreferente gara. Eta horrek munduan kokatzen gaitu.Aurrera egiteko aukera asko ditugun herria gara, gure jaiotze-tasa bailaran onenetakoa da, gure bizitza proiektua bertan egiten dugun gazteak asko gara, eta horrek etorkizuna ematen digu.

Zein dira datorren legealdirako dituzuen hiru proiektu garrantzitsuenak?
Herritarren bizi-kalitatea hobetuko dutenak dira hirurak: Hasteko, gizarte zerbitzuen sarea. Errezabal egoitza errealitate bat izango da, baina ez da izango dugun baliabide bakarra. San Lazaron egingo diren bizitza guztirako etxebizitzak eta Santa Klararen erabilera sozialak, etxez etxeko laguntzaren indartzearekin batera, zerbitzu sare sendo bat emango dio Elgoibarri.
Honekin batera, anbulatorio berria. Zerbitzu gehiago eskaini eta kokaleku hobea izateaz gain, kultur etxe inguruan plaza estali bat sortuko dugu, errekari begira ipiniko gaituena eta anbulatorio zaharrean gazteentzako alokairurako etxebizitzak egiteko aukera zabalduko zaigu.
Azkenik, irisgarritasuna hobetzea. King Kongeko zubiaren proiektua, Urazandiko igogailu berria eta espaloiak zabaltzea, Artekale kaleko igogailu berria… Hainbat proiektu gauzatuko ditugu zentzu honetan.

‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak, eta zioen ez dauzkagula beste hamar urte despistatuta egoteko; jauziak eman behar direla. Zer jauzi emateko prest zaudete euskalduntasunean sakontzeko eta elgoibartarrak komunitate moduan ahalduntzeko?
Zer, herri-kohesioa indartzeko? Euskaraz dakigun eta euskaraz aritzeko gaitasuna dugun elgoibartarrak gero eta gehiago gara eta Udalari eta eragileei dagokigu euskaraz gozatzeko, euskaraz ondo pasatzeko espazio eta momentuak ematea herritarrei. Horregatik, kulturaz hitz egiten dugunean, eskaintza kulturalaz hitz egiten dugunean, euskarazko kulturaz hitz egin behar dugu. Baina, baita ere kirolaz hitz egiten dugunean, aisialdiaz; gure hizkuntzan ondo pasatzen badugu, erabiliko dugulako.

Zer eskaintza dakar zure alderdiak Elgoibar herri abegikorragoa egiteko?
Berdintasuna zentzu zabalean lantzea. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, behar bereziak dauzkaten pertsonena edota atzerritik etorritako pertsonen eta Elgoibarren jaiotakoen artekoa. Gizarte beraren parte gara guztiok, eta aukera berdintasuna bultzatuko dugu. Aisialdian, lanean eta kalean. Komunitate izaera sustatu nahi dugu, berdin edo desberdin pentsatu arren, lankidetzan eta errespetuan oinarritutako Elgoibar bat lortzeko.

Erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin direla diote azken ikerketek eta alderdietatik
kanpo politika egiteko hautua zabaltzen ari dela. Zuen posiziotik zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Politikan sinisten dut eta politikak duen indarrean; gure herriaren alde egiteko tresna oso indartsua da. Herri politika Espainiako kongresuko zirkutik oso urruti dagoela esan nahi dut. Politikan dihardugunok oinak lurrean izan behar ditugu eta elkar entzun eta ulertu behar gara. Batez ere herritarrei entzun eta elkarrekin identifikatutako beharrei erantzuteko proiektuak garatu behar ditugu. Hori da gure jarduteko modua eta horregatik eskatzen dugu konfiantza, gure helburu bakarra zintzotasunez eta apaltasunez Elgoibarrek aurrera egiten jarraitzea delako. Kalean ibiliz, belarriak entzuteko prest edukiz, besoak zabalik akordioak lortzeko eta burua sendo proiektuak aurrera ateratzeko.

Pandemiak erakutsi du egoera zaurgarrienetan haurrak eta adin nagusikoak direla ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen.
Zer duzue eskuartean direnak baino zaurgarriago izan ez daitezen?
Haurrak gure etorkizuna dira, eta horregatik familientzako espazio egokituak izatea ezinbestekoa da guretzat. 0-6 urte bitarteko haurrei erantzuna emateko familia txoko baten alde egin nahi dugu. Modu horretan, 0-tik 18 urte arte, kalitatezko zerbitzua eta ibilbide propio bat izango dugu.
Adin nagusikoei begira, gizarte zerbitzuen mapan beraiek izango dira protagonista nagusiak. Aurretik esan bezala, Errezabal egoitza, San Lazaroko etxebizitzak, etxez etxeko zerbitzuaren hobekuntza… guzti hauek beraien autonomia ahalik eta luzaroen mantentzeko helburuarekin.
Bai haurren eta bai adin nagusikoen kasuan, zaintzak pisu handia hartzen du, eta bide horretan, Udala gaur egun ZaintzaHerriLab proiektuan murgilduta dago, zaintzaren ekosistema propioa izateko helburuarekin. Bide hori da gurea, eredu propioa izatearena.

Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Gaztea naiz oraindik, 30 urterekin. Gazteekin harremantzen naiz egunerokoan, gure hautagaitzan ere pertsona gazte ugari gaude eta oso ondo ezagutzen ditugu gazteon beharrak. Bide horretan, gazteek gure bizitza proiektu propioa Elgoibarren garatzeko, gazteen alokairurako etxebizitzen proiektua jarriko dugu mahai gainean, anbulatorio zaharrerako. Gazteek gazteekin antolatutako egunak lankidetzaren oinarriak finkatzen ditu, elkartegintzaren kasuan bezala. Eta zentzu horretan, gazteentzako eskaintza kulturala hobetzen jarraituko dugu, beraiekin lankidetzan, edota beraien esku baliabideak jarriz.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue? Zein izango da zuen proiektu izarra?
Hasteko, hezkuntzan. Uste dugu ditugun baliabideak aprobetxatu egin behar direla, bai IMH zein Meka, enpresa sektorearekin batera, gure gazte, emakume eta pertsona guztiei lan mundura zabalduko dieten hezkuntza sendo bat emateko. Industriari dagokionez, Elgoibarko enpresak bertan geratzea nahi dugu, eta berriak erakartzea. Horretarako lur industriala egokitu eta sortu behar dugu. Zenbat eta industria gehiago, kalitatezko lan gehiago. Merkataritzari dagokionez, merkataritza suspertu nahi dugu, eta lokal hutsetan jarduera ekonomikoak ahalbidetzeko laguntzak ipini.Hori guztia, lehen sektorea ahaztu gabe, bertako produkzioa bultzatuz, nekazal jarduerak izaten dituzten trabak erraztuz eta herritarren artean tokiko produktuen kontsumoa bultzatuz.

Bizitzak erdigunen jarri behar direla babestu duzue. Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin?
Proposamen, ekintza edo erabaki guztiak, herritarrengan pentsatzen egitea, bakoitzak dauzkagun desberdintasunak kontuan izanda. Pertsonen beharrak asetu eta bizitza proiektuak aurrera eramateko baliabideak ipiniz. Ongizatean, segurtasunean edo bizi-kalitatean pentsatzen lan egitea. Beste edozein interes edo anbizioren aurretik, elgoibartarrak ipintzea.

 

2023 05 19 udal hauteskundeak alkategaiei galdera lab BARREN elgoibar