Evaristo Rodriguez: “Herri berdeagoa, jasangarriagoa, eta jendearen beharrei erantzungo diena egin nahi dugu Elgoibar"

Barren.eus 2023ko mai. 19a, 10:00

Ahal Dugu-Podemosen hautagaia da Elgoibarko alkate izateko. Maisutza Industriala ikasitakoa da Evaristo Rodriguez (Elgoibar, 1966) Mekan, eta dio politika neoliberalen kontra egiteko sartu zela politikagintzan.

Lana, familia-ardurak eta politikagintza espeleologiarako afizioarekin uztartzen ditu. Morkaikoko Leizarpe espeleologia taldeko kide da.

Alkategai izateko proposatu zaitu alderdiak. Zerk bultzatu zaitu baietza ematera?
Zinegotzi gisa azken lau urte hauetako esperientzia dudalako, eta Euskadiko kideekin ikasi dudanagatik. Hori kontuan hartuta, neu naiz Elgoibarrek behar duen aldaketa ongien lideratu ahal duena.

Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Botoa guri emanda, Elgoibarrek aspalditik konpontzeke dituen eta gainerako alderdiek gutxiesten dituzten arazo ugariak behingoz konpontzearen alde egingo duzuelako. Gainera, boto horrekin ahalbidetuko duzue aldez aurretik prestatzea etorkizunean izango ditugun erronka ugarietarako; kontuan izan arazo horiek oso kaltegarriak izan daitezkeela gure seme-alabentzat, ez bagara berehala martxan jartzen soluzioak bilatzeko.

Zure alderdiak duela lau urte hainbat proiektu aurkeztu zituen legegintzaldi honetan egitekoak zirenak. Proiektu horien errepasoa eginda, zein mailatan bete direla esango zenuke?
Hasierako programari dagokionez, programaren %23 inguru garatu dugu. Aurkeztutako ekimenen %48 aurrera atera ziren eta %25 garatu ziren. Ez dago batere gaizki oposizioan dagoen zinegotzi bakarra naizela kontuan hartuta. Beste alderdiek lortu dutena ikusita, Elkarrekin Podemos aktiboena dela esango nuke. Imajinatu zer izan zitekeen gobernuan izan bagina!

Zeintzuk dira Elgoibarrek dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zein indargune ditu?
Gabeziak: alokairuko etxebizitzen, osasunaren eta kalitatezko lanaren falta. Arazoak nonahi ikusten ditut. Indarguneak: elgoibartarrok zerbaitetan indartsuak bagara, uste dut lanean garela. Lan egiten eta gauzak ondo egiten dakigu, eta hori ez da gutxi.

Zein dira datorren legealdirako dituzuen hiru proiektu garrantzitsuenak?
Denak dira garrantzitsuak, baina urgenteenak hauek dira: babestutako eta alokairuko etxebizitzak sustatzea, lanpostu duinak sortzea guztion enplegugarritasunerako eta behar ditugun osasun prestazioak hobetzea.

‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak Elgoibarren; zioen
ez dauzkagula beste hamar urte despistatuta egoteko; jauziak eman behar direla. Zer jauzi emateko prest zaudete euskalduntasunean sakontzeko eta elgoibartarrak komunitate moduan ahalduntzeko? Zer, herri-kohesioa indartzeko?
Alde horretatik, esan beharra dago gure apustua argia dela euskararen doako irakaskuntzan eta euskararen erabilera esparru guztietan sustatzean... Sormenean ere bai... Gure herrian kultura sortzera animatzen duten politikak garatu behar ditugu. Horretarako, espazioak eta dirua behar dira. Kultur Etxea eta Aita Agirre ez dira nahikoa. Elkarrekin Podemosek Pedro Mugurutzaren eskola ez eraistea proposatu du, eta erabilera hori ematea ere bai. Dirua ez da arazoa izango horretarako.

Zer eskaintza dakar zure alderdiak Elgoibar herri abegikorragoa egiteko?
Herri berdeagoa, jasangarriagoa, jendearen beharrei erantzungo diena eta doako garraioa duena egin nahi dugu Elgoibar. Adibide bat: gero eta adineko jende gehiago ikusten dut lorategietan pixa egiten. Hain zaila al da haiei kasu egitea eta kalitatezko eta seinaleztatutako pixatoki gehiago jartzea? Beste adibide bat zabor bilketa selektiboarena da, baina ez dugu zakarrontzi egokirik. Eta horixe gertatzen da beste kontu askorekin: berdegune gehiago behar dira, aparkalekuen arazoa daukagu, estalitako gune gehiago behar dira, trenek eragindako zarata… Elgoibartarrek egindako proposamen zerrenda luze-luzea dut.

Gizartean, eta bereziki gazteen artean, erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin direla diote azken ikerketek eta alderdietatik kanpo politika egiteko hautua zabaltzen ari dela. Zuen posiziotik zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Hortik dator Podemos Ahal Dugu, suminetik, Nahikoa da esatetik, Mareetatik eta M15etik. Geu gara sumindu ziren haiek, alderdi bat sortu eta politika egin behar izan dugunak. Adineko pertsonak zein gazteak betiko alderdi politikoez nazkatuta daude, hain zuzen beren zilborrari begiratzen diotelako, negozioak egiten dituztelako eta ez dutelako jendearen alde begiratzen. Suminduta daudenek osatzen dute Podemos Ahal Dugu, gauzak aldatu, ohiko alderdiak pikutara bidali eta Udala gardentasun osoz eta herritarren partaidetzaz bete nahi duten horiexek. Ez dugu soilik botoa ematea nahi; herritarrak etorri eta parte har dezaten nahi dugu.

Pandemiak erakutsi du egoera zaurgarrienetan haurrak eta adin nagusikoak direla ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen.
Zer duzue eskuartean direnak baino zaurgarriago izan ez daitezen?
Pandemiak erakutsi du egungo ereduak gabezia handiak dituela. Zerbitzu publikoen kudeaketa pribatua EAJk argi bultzatzen duen zerbait da: arazoak baino ez ditu ekartzen herritarrentzat, batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean. Osasuna eta zaintza zerbitzu publiko eta zuzenen bidez kudeatzen direnean eta tartean enpresa pribaturik ez dagoenean bermatzen da bakarrik guzti-guztiok, adina edo bestelako baldintzak kontuan hartu gabe, erabat babestuta egotea. Eta horretan, Udalak lan handia du egiteko.

Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Urte asko dira gazteek ematen ez dizkiegun espazioak eta laguntzak bilatzen dituztela, eta hori da Elkarrekin Podemosetik eskaintzen dieguna, hain zuzen ere, dituzten ideiak eta proiektuak garatu ahal izateko espazioak eta laguntzak. Gazteei lagunduko diegu, gazteen zentro autogestionatuetan modu autonomoan antola daitezen.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue? Zein izango da zuen proiektu izarra?
Legegintzaldi honetan, lana eta familia bateragarri egiteko planteatu genuen ekimena garatzen hasi zen, baina partzialki bakarrik, egungo gobernuak gutxi garatu baitu. Tokiko saltokien egoera eta haientzako babesa hobetu behar dira, eta kalitatezko enplegu egonkorra eta hurbila sustatu. Halaber, lana hobeto banatu behar da, eta langabezia murriztu. Horretarako, irekitzen diren lan-aukera berriak bultzatu behar dira, batez ere jasangarritasunaren, energia berriztagarrien, telelanaren, ITaren eta I+Gren gaietan.

Bizitzak erdigunen jarri behar direla babestu duzue. Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin?
Termino ekonomikoetan soilik pentsatzen dutenen aurrean, Podemosen termino sozialetan pentsatzen dugu. Bizitza erdian jartzea esaten dugunean guztion eskubideak bermatu behar direla esan nahi dugu, salbuespenik gabe. Alegia, etxebizitzarako, lanerako, osasunerako, hezkuntzarako eta bidezko zaintza izateko eskubidea izan behar dugula guztiok. Eta hori guztia mugikortasun jasangarriarekin, bidezko fiskalitatearekin eta proposamen feminista eta ekologiko askorekin batera.

ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1286. zenbakian -PDF-

 

 

2023 05 19 udal hauteskundeak alkategaiei galdera lab BARREN elgoibar