Hiru lagunek eman zituzten azalpenak. Hasteko, Ibai Iriartek, Tolosako alkate izandakoak eta egun Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea denak, Oria ibaia lehengoratzeko egindako lana eta haren inguruan egindako eraldaketa urbanistikoa azaldu zituen. Urte askoko lana izan dela azpimarratu zuen Iriartek, eta "arnasa luzeko ahalegin horri eusteko" lidergo sendoa behar izan direla azpimarratu zuen: "EH Bilduren papera funtsezkoa izan da, batez ere, proiektuaren ardatzak legegintzaldi ezberdinetan mantentzeko, eta batez ere, bizi-kalitate hobearen aldeko herritarren dinamikak eta udal instituzioaren artean koordinatzeko". Orioko adibideaz gain, Pasaiakoa era aipatu zuen Iriartek.
Fermin Lazkanok hartu zuen gero hitza, Elgoibarko EHBilduren zerrendakideak. Lazkanok esan zuen EH Bildurentzat herritarren bizi-kalitatea iparrorratzetako bat dela eta hori elkarren artean lotuta dauden lau aldagairen baitan ulertzen dutela: egoera sozioekonomikoa, ezagutza maila, harreman sozialetarako aukerak eta ingurumenarekiko harremana. Ingurumenarekiko harreman hori zertan dantzan ere azaldu zuen Lazkanok, bai eta nola antolatzen den ere, eta zehaztu zuen hiru direla eragile garrantzitsuak: merkatua, gizarte zibila eta instituzio publikoak. Horren harira Morkaiko Mendizale Elkarteak, Baso Biziak elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak sustatutako hainbat ekimen aipatu zituen. "Horiek markatu egin dute elgoibartarrok inguruarekiko dugun hartu-emana", azpimarratu zuen. Baina herritarren egitasmoek errealitate "mugatzaile" batekin topo egiten dutela ere esan zuen: "Elgoibarko lurraren %99 pribatua da. Eta horrela bihurtzen da merkatua pertsonak eta naturaren arteko arautzaile nagusitzat. Etekin ekonomikoaren logika nagusitzen da, eta natura guztion bizi-kalitatean potentzialki duen gaitasuna mugatuta geratzen da".
Lazkanoren ustez, antzera gertatu da historikoki ibaiarekin ere. Esan zuen ibaia baliabide ekonomiko industrialtzat jo izan dela beti, baina merkatuaren logika orekatzeko, instituzio publikoek esku hartu behar dutela nabarmendu zuen. EH Bilduk hor eragin nahi du: "Lurrari begira, gure koalizioak lurrak erosteko baliabideak bideratuko ditu herritar guztienak izango diren baso, landa eta gune naturalak zaindu eta berriak sortzeko; herri barruan, Mintxetako zelaigunea urte osoan irekita egotea bermatuko dugu, eta ibaiari dagokionez, teknologiak hondatu bazuen gure ibaia, teknologia berriek ur garbia ekarri digute, beraz, orain politikaren garaia da".
Aitziber Aranberri EH Bilduren alkategaiak esan zuen Elgoibarko Udalak ez duela egun ingurumen teknikaririk, "EAJ-PSE gobernuak uko egin ziolako", eta akats larritzat jo zuen. Bere alderdiaren asmoak ere zerrendatu zituen. Horien artean nabarmendu zuen Eibartik datorren bidegorriari jarraipena eman nahi ziotela ibai bazterretik Altzolarantz, eta horrekin batera, herrigunetik kanpoko ibilbideak "naturalizatzeko bidean" jarri nahi dituztela, landaredia eta ibai bazterrak zainduz. Herri barrurako ordenamendu urbanistiko berria ere proposatuko dutela esan zuen, eta hiru kontu aipatu zituen. Adinekoentzako egoitza berriaren harira esan zuen "unitate urbanistiko zabalago batean" txertatu nahi dutela: "Urazandi egoitza berria, azoka, kultur etxea eta Kalebarren plaza modu batuan ikus baitaitezke eta hor ibaiak, elkargune moduan, aukera handiak ematen ditu. Ez bakarrik mugikortasun aukerak hobetuko liratekeelako, baita ere aisia eta atsedenerako aukerak biderkatuko liratekeelako ibaiaren balio paisajistikoak erabiliz”. Muguruzako eskolak ere aipatu zituen. Esan zuen oraingo udal gobernuak eraistea erabaki duela, baina EH Bilduk konpromisoa hartzen duela auzotarrekin elkartu eta zer egin nahi den erabakitzeko. Hirugarren asmoen artean, Guass, Gaztetxea eta gasolindegiaren ingurua ordenatu beharra azpimarratu zuen. Aspaldiko urteetan ez dela ezer egin nabarmendu zuen eta Maalako zubitik Lerun bitartean ibaiaren ertzetik joango litzatekeen ibiltoki bat eraikitzea proposatu zuen, gero Altzolarako bidegorri berriarekin lotuko zena.