Enetz Ezenarro: “Mendaroren interesak defendatzea beste motibaziorik ez duen alderdi bakarra gara”

Barren.eus 2023ko mai. 12a, 08:37

Enetz Ezenarro Arriola (Mendaro, 1977) EHUko irakaslea aurkeztuko du EH Bilduk, bigarren aldiz jarraian, Mendaroko alkatetzarako hautagai gisa. Azkeneko lau urtean EH Bilduko zinegotzia eta Udal Taldeko bozeramailea izan da Mendaroko Udalean.

Bigarrengoz aukeratu zaituzte alkatetzarako hautagai gisa. Zerk lotu zaitu baietza ematera?
Aurrekoan lotu ninduen gauza berak. “Zaindu maite duzun hori” dio Ruperren abestiak. Maite ditut Mendaro eta Mendaroko gauzak. Eta jendeak nahi badu, nire alea ipintzeko prest nago.

Zergatik eman beharko genizuke botoa?
Mendaroren interesak defendatzea beste motibaziorik ez duen alderdi bakarra garelako. 2019an EAJk baino %10 boto gehiago lortu zuen EH Bilduk Mendaron. EAJk eta PSEk EAE osorako egindako akordioari esker gobernatu du EAJk lau urte hauetan Mendaron. Eta akordio horrek mendaroarren interesekin inongo zerikusirik ez zuen. Guk hasieratik eskaini genion elkarlana EAJri, baina ez zuten onartu. Nahiago izan zuen alderdiaren interesak lehenetsiz PSErekin kromo-
trukean aritu. Beharrezkoa izan eta aritmetika elektoralak aukera eman ezkero, ziur naiz EAJk eta PSEk berriz ere gauza bera egingo luketela.

Zeintzuk dira Mendarok dituen hiru gabezia handienak, eta, kontrara, zerk ezaugarritzen du?
Mendaroarren aspaldiko eskaera da bidegorria ekartzea. EAJk eta PSEk urte mordoxka daramate Diputazioan agintzen eta Gipuzkoako Bidegorri Sarea 2022rako osatua egon behar zen Diputazioaren planen arabera; baita Elgoibartik Debarako zatia ere. Orain hor dabiltza egingo dutela esan eta argazki ponpoxoak erakusten. Jakina, hauteskundeetan gaude. Etxebizitzaren inguruan, eta bereziki emantzipatu nahi duten gazteei begira, inongo politika edo planifi kaziorik ez egotea ere oso kezkagarria da. Lau urtean aldarrikatu dugu gai hau, baina ez digute kasurik egin. Azkenik uholdeek gurean sortzen dituzten kalteak minimizatzeko neurriak hartzea ere premiazkoa da. Jende asko bizi da afektatutako lekuetan. Kontrara, gauza on asko dauka. Bertako jendea, lehenbizi. Elkar hartutakoan elkarlaguntza eta herri-giro ederra sortzen da. Bigarrenik, natur ingurune paregabean bizi gara. Mendiak, errekak… itsasoa ere bertan daukagu. Zaindu beharreko altxor asko daukagu Mendaron. Eta azkenik, geografi koki ondo kokatuta gaude, beste herri eta hiriburuekin ondo komunikatuta eta historikoki gihar industrial handia erakutsi duen eskualdean.

‘Euskalgintzan eta kulturgintzan krisian gaude’, zioen Elgoibarren Jon Sarasuak, Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaileak. Zer jauzi emateko prest zaudete? Zer beste proposatzen duzue euskalduntasunean sakontzeko eta mendaroarrak komunitate moduan ahalduntzeko?
Euskara gure izaeraren funtsezko ezaugarria da. Euskararik gabeko Mendarorik ez nuke ikusi nahi. Eta azken hamarkadetan asko egin da atzera. Kezkatzekoa da. Eta ekintzara pasatu behar dugu lehenbailehen, bai. Mendaro, EH Bilduren eskutik, UEMAn sartu zen orain urte batzuk. UEMAko herrien eskarmentua eta babesa aprobetxatu nahi genituen egoerari buelta ematen laguntzeko. Baina UEMAn egote hutsak ez digu ezer konponduko. Mendaroko Udalak berak hartu behar du iniziatiba. Lau urte hauetan ez dugu horrelakorik ikusi. Herriko taldeek borondaterik onenarekin egindako eskaerei erantzutera mugatu da kasurik onenean, eta zenbaitetan laguntza baino gehiago bidean trabak jarriz. Ezin dugu horrela jarraitu. Udalak Mendaron euskararen egoera iraultzeko prozesua lideratu behar du.

Zer eskaintza dakar zure alderdiak Mendaro herri abegikorragoa egiteko?
Kultura-aniztasuna, elkarrenganako errespetua eta elkarren aitortza gure herriaren ikur eta jardun bihurtu nahi ditugu. Gure herrira datozenentzako harrera protokolo bat garatuko dugu, pertsona hauek eperik motzenean gure herrian integratzeko.

Gizartean, eta bereziki gazteen artean, erakundeen eta alderdi politikoen aurkako sumindura, etsipena eta frustrazioa orokortu egin dira eta alderdietatik kanpo politika egiteko hautua zabaltzen ari da. Zer gogoeta egiten duzue honen inguruan?
Egia da jende asko, eta bereziki gazteak, politika instituzionaletik oso urrunduta daudela. Arazo handi bat da. Izan ere politika, edo “gauza publikoa”, jendartearentzako garrantzitsuegia baita beti besteen esku uzteko. Arrazoi desberdinak egon daitezke desafekzio horren atzean. Entxufismoa, ate birakariak, ustelkeria kasuak, politikara karrera egiteagatik sartzen direnak. Politikari batzuk interes pertsonala interes orokorraren gainetik jartzea, azken finean. Gu politika prestigiatzen ahaleginduko gara.

Egoera zaurgarrienetan, haurrak eta adin nagusikoak dira ahaztuenak, ez direlako parametro produktibistetan txertatzen. Nola bideratuko zenukete haienganako kudeaketa publikoa direnak baino zaurgarriago izan ez daitezen?
Gure proposamena gizarte osoa inplikatzen duen aldaketa kultural batean oinarritzen da. Funtsezkoa da zaurgarritasunaren eta interdependentziaren kontzeptuetatik abiatzea. Denon beharra da zaintzea eta zainduak izatea. Horregatik, lehenik eta behin, zaintza arazo publikoa dela onartu behar da, eta, beraz, irtenbide publikoak behar dituela. Beharrezkoa da diagnostiko bat egitea pertsona ahulenen eta zaintzaileen premiak ezagutzeko, eta, hortik abiatuta, ekintza-plan bat egitea.
Eskumen askok udal-eremua gainditzen dutela kontuan hartuta ere, udal-eremutik gauza asko egin ditzakegu: nagusien bakardade-, mugikortasun- eta segurtasun-egoeren eta bazterketa-arriskuko egoeren mapa bat egitea, kontziliazioa, familia barruko erantzukidetasuna eta gizonek zaintza-lanetan inplikazio handiagoa izateko neurriak, udal-kontratazioetan plegu sozialak txertatzea, baliabide materialen banku bat sortzea, baliabide gutxiko adineko eta familientzako laguntza ekonomikoak higiene- eta osasun-produktuak erosteko, etab.

Nola definituko zenuke gazteekin duzuen harremana? Zer duzue haiei eskaintzeko?
Gazteen gaia lehentasunezkoa da. Gazteak dira Mendaroren etorkizuna eta ondo zaindu behar genituzke, Mendaron bizi izaten jarraitu dezaten eta Mendaroren garapenean lagundu dezaten. Hurrengo urteetan Mendaron etxebizitzak duen egoera sakon aztertu eta etxebizitzaren plan estrategiko bat gauzatu nahi dugu, bereziki emantzipatzeko adinean dauden gazteak buruan. Horrez gain Gazteentzako Plan integral bat ere egin nahi dugu, ikasketak, lan mundua, aisialdia, kirola eta gazteen interesgune diren beste arloetan, gazteekin elkarlanean, beren beharrei behingoz erantzuna emateko.

Ekonomiaren eta enpleguaren arloetan zertan sakonduko duzue?
Gai honek ere Udal esparrua gainditzen du hein batean. Eskualdeko egoera ona bada, ona izango da, orokorrean, Mendarokoa ere. Debabarreneko motore ekonomikoa industria izan da aspalditik. Hala ere, azken hamarkadetan pattal gabiltza. Legebiltzarrean Debabarreneko Ponentzia martxan jarri zenean eskualdeko EH Bilduk hausnarketa prozesua hasi zuen. Eta prozesu horretan oinarrituta eskualderako industria politika berri baterako proposamena egin dugu. Tokiko baliabideak globalki ustiatzean datza estrategia. Hazkundean diren sektoreak identifikatu, industriarentzako zerbitzu aurreratuen arloa (IoT edo gauzen Interneta, big data, ikusmen artifiziala, sentsorika, robotika, adimen artifiziala) garatu eta formazio aurreratua eskaintzea leudeke estrategia honen bihotzean. Horretarako Debegesa indartu, Udalek esparru honetan duten inplikazioa handitu eta bestelako eragileekin (Tekniker, Ideko, IMH, Eibarko Ingenieritza Eskola, Armeria Eskola…) elkarlana sustatuko dugu. Bestetik, Mendaroko komertzio eta ostalaritzaren suspertze planari ere garrantzia handia ematen diogu.

Zer ulertzen duzu bizitzak erdigunean jartzearekin? Zer proposatzen duzue?
Bizitzak erdigunean jartzeak esan nahi du gure zaurgarritasuna aitortzea; guztiok zaintzaileak eta zainduak izango garela onartzea. Premisa horretatik abiatuta, gure proposamenak ahalduntzea eta hurbileneko politikan modu aktiboan parte hartzea eskatzen dio gizarteari, eta lehentasuna ematen dio, aurrekontuei dagokienez, pertsona guztien gizarte-babesa eta ongizatea bermatzeko, ingurunea zaintzearen aldeko, kontsumo arduratsuaren aldeko, kalitatezko zerbitzu publiko eta unibertsalen aldeko, laguntzarako sare komunitarioak sortzearen aldeko eta etxebizitzarako eskubidea eta kalitatezko hezkuntza defendatzearen aldeko neurriei.

 

2023 05 12 alkategaiak Mendaro arregi ezenarro telleria galdera laburrak BARREN