Deba ibaia biziberritzeko proiektua aurkeztuko du Elgoibarko EH Bilduk, zapatuan

Barren.eus 2023ko mai. 10a, 15:55

Deba ibaia biziberritzeko proiektua jaso du Elgoibarko EH Bilduk Udal hauteskundeetarako programan, eta maiatzaren 13an ekitaldi ibiltari bat antolatu dute proiektua aurkezteko.

11:30ean abiatuko dira Goikoerrotako zubitik (Santa Ana kale bukaeran), eta bi geldiune egingo dituzte bidean: bata, Txankakuako zubian, eta bestea, Maalako zubi inguruan. Tolosako alkate izandako eta gaur Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkide den Ibai Iriarte gonbidatu dute ekitaldira, eta Iriartez gain Aitziber Aranberri Elgoibarko alkategaiak eta Fermin Lazkano zerrendakideak ere parte hartuko dute. Hainbat gairi buruz hitz egingo digute bidean. Ibilaldia 13:00etarako bukatzea aurreikusten dute.

 • Mendaroko EH Bilduren hautagaitza babesteko argazkia
Mendaroko EH Bilduk aurkeztu du dagoeneko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda, eta bariku arratsaldean zerrenda hori babesteko argazkia aterako dute. Herritarrei dei egin diete, argazki horretan agertzeko. 19:00etan izango da, Herriko Enparantzan.