Karakaten parke eolikoa egiteko proiektuak "mahai gainean" jarraitzen duela salatu du Elkarrekin Podemosek

Barren.eus 2023ko api. 24a, 13:53

Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU, Berdeak-Equo eta Aliantza Berdea koalizioko ordezkariek, tartean Miren Echeveste ahaldungaiak eta Evaristo Rodriguez Elgoibarrerako alkategaiak, agerraldia egin zuten joan den eguenean Mintxetan, Karakate mendian parke eolikoa egiteko proiektua salatzeko.

Parke eolikoa egiteko proiektua herritarren borondatearen aurkakoa dela salatu zuen Evaristo Rodriguezek, eta gogora ekarri zuen toki korridore ekologiko batean kokatuta dagoela eta ondare arkeologiko garrantzitsua dagoela. Halere, ez da fidatzen. Duela urtebete ezagutzera eman zuten aerosorgailu erraldoiak jartzeko proiektuak herritar guztien "gaitzespen irmoa" duen arren, eta Elgoibarko eta Soraluzeko udalek kokapen horiek babesteko plan bereziak onartu dituzten arren, proiektuak mahai gainean jarraitzen duela uste baitu. "Ez dute baztertu, eta horrek beldur handia sortzen digu; izan ere, alderdi politiko batzuk zain daude, hauteskundeak pasatzeko zain, proiektuarekin jarraitu ahal izateko, jakin baitakite hauteskundeetan eragina, kostu politikoa, izango lukeela gai honek", adierazi du. Bere esanetan, Elgoibarko alderdi batzuek Karakate defendatzen dute, baina aldi berean Eusko Jaurlaritzan horrelako proiektu "zoro" eta "arazotsuak" aurkezten dituzten enpresa energetikoen eskutik doaz. Egiteko beste modu bat aldarrikatu zuen koalizioaren Elgoibarrerako alkategaiak, “hau gure herria delako, ez haien negozioa. Ez dugu aerosorgailurik nahi Karakaten”.

Ildo beretik, Miren Echeveste ahaldun nagusigaiak ez du zalantzarik Karakate Irukurutzeta gainean parke eolikoa egiteko proiektuak indarra hartuko duela hauteskundeen ostean. "Karakaten haize-sorgailuak jartzeko proiektu hau martxan jartzen saiatuko dira, hainbat hamarkadatan gasaren aldeko apustu argia egin duten horiexek. Urteak daramatzagu trantsizio ekologiko bati ekiteko beharra dagoela aldarrikatzen, eta orain Eusko Jaurlaritzak jaka berdea jantzi nahi du, korrika eta presakako trantsizio ekologikoa egin nahian, inolako ordenarik gabe baina", esan zuen Echevestek.
Energia berriztagarrien lurralde-plan sektoriala onartzeko asmorik eza ere leporatu zion Echevestek Jaurlaritzari, eta plan hori beharrezkoa dela defendatu zuen, azpiegitura mota horiek non instalatu eta non ez diren instalatu behar jakiteko, eta hala, beharrezkoa den trantsizio ekologikoa ordenatua izan dadin. "Lurraldea antolatzen dugunean, modu zientifikoan eta koherentean, non eta zer jarri erabakitzen dugunean, orduan bai hitz egin dezakegu inbertsioa egiteko prest dauden enpresekin. Gainera, beti defendatu izan dugun moduan, guk oso argi dugu enpresa publiko bat behar dugula horrelako inbertsioak, estrategikoak direnak, guk geuk egiteko, eta gure ingurumena eta lurraldea hipotekatu gabe”, esan zuen. Aldiz, egungo arauketa ezarekin mendi guztiei ‘salgai’ kartela jartzen ari zaiela uste du, "oligopolio energetikoak bere proiektuak inolako antolamendurik gabe gara ditzan” (ikus-entzun hemen bere adierazpenak).

Ildo beretsuan berba egin zuen Debako barrutiko Batzar Nagusietarako zerrendaburu Juan Luis Merinok. Energia berriztagarriak ezartzearen aldekoa dela azaldu zuen, baina ez edozein preziotan, ezta edozein modutan ere.

2023 04 20 elkarrekin podemos Elgoibar mintxeta ekitaldia