Zerrendako lehen postuetan joango diren lagunak aurkeztu zituen, martxoan, EAJ-PNV alderdiak. Atzo Kalebarren plazan egin zuten ekitaldian, berriz, lantaldea osatzen duten kide guztiak aurkezteaz gainera, hurrengo legegintzaldian gauzatu nahi dituzten helburuen berri ere eman zuen Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkategai jeltzaleak.
Gurrutxagak adierazi zuen Elgoibar mugimenduan dagoela, "aktibo", eta aurrera egiten jarraitu behar duela. "Horregatik, gaur elgoibartarrei aurkeztu zaien hautagaitza hau osatzen dugun kide bakoitza ideia eta proiektu berriak martxan jartzeko ilusioarekin gatoz. Elgoibarren alde apaltasunez lan egiteko gogoa dugun talde batek, kudeaketa parte-hartzaile, kolaboratibo eta eraginkor baten bidez”, nabarmendu zuen alkategaiak. Talde-lanaren garrantzia ere azpimarratu zuen, honela: “Talde bat daukat, elkar babesten eta osatzen gara, eta esperientzia handiko alderdi politiko baten parte naiz".
Elgoibar eta elgoibartarren alde lan egiteko proiektu "sendo bat" prestatu dutela esan zuen Gurrutxagak, eta elgoibartarrekin batera lan egiteko gogo handiarekin daudela. Taldekideei eskerrak eman zizkien, proiektuarekiko erakutsi duten, "ilusioagatik eta konpromisoagatik".
Gurrutxagak 2023-2027 epealdirako lan-ardatzak ere nabarmendu zituen. Honako hauek ikusten dituzte lehentasunezkoenak: pertsonak eta haien ongizatea, industria eta esparru sozioekonomikoa, eta lankidetzaren eta herritarren parte-hartzearen esparrua. Lan-ardatzei lotuta, hainbat proiektu nabarmendu zituen, besteak beste, Errezabal egoitza eraikitzea, anbulatorio berria, gazteentzako politika sendoak garatzen jarraitzea etxebizitzaren, auzoetako irisgarritasunaren, industria-sarearen babesaren eta kalitatezko enpleguaren sorreraren arloan, eragileen lanari balioa ematea eta lankidetza sustatzea.
Honako hauek osatzen dute EAJk udal-hauteskundeetara aurkeztuko duen taldea:
- Maialen Gurrutxaga - 30 urte - Kimikaria, zinegotzia eta legebiltzarkidea
- Ion Zubiaurre - 41 urte - Arkitektua
- Andrea Arriola - 56 urte - zinegotzia eta batzarkidea
- Ricardo Astigarraga - 60 urte - Banketxeko zuzendaria, aurrejubilatua
- Pili Iranzo - 55 urte – Etxekoandrea eta boluntarioa
- Iñigo Loyola - 45 urte – Landa eremuko zinegotzia
- Atsegin Uzuriaga - 49 urte - Banketxeko langilea
- Aitor Iriondo - 23 urte - Komertziala eta erakundeen nazioartekotze ikaslea
- Ana Santolaya - 57 urte - Zuzendaritza Administraria
- Silvia Gabiola - 55 urte - Administraria
- Julen Etxeberria - 22 urte - Finantza Administraria eta finantza zuzendaritza ikaslea
- Miriam Sanchez - 36 urte - Administrari Komertziala
- Emiliano De Pablo - 71 urte - Jubilatua
- Amaia Arrieta - 66 urte - Jubilatua
- Noemi Otegi – 44 urte – Irakaslea
- Javier Usatorre - 63 – Jubilatua, ostalaritzan aritua.
- Uxue Etxeberria – 18 urte – Lehen Hezkuntzako Magisteritza ikaslea
- Iban Gonzalez – 37 urte – Mekanikaria
- Susana Etxabe – 53 urte – Administraria
- Juan Mari Eguren – 72 - Jubilatua