Enetz Ezenarro EH Bilduko zinegotzia eta Udal Taldeko bozeramailea izan da azken lau urteetan Mendaroko Udalean, eta koaliziotik jakitera eman dutenez, egin duen lana "oso positiboki" baloratu ostean erabaki dute EH Bilduko oinarriek maiatzaren 28ko hauteskundeetan alkatetzarako hautagaia berriro ere bera izatea.
Hauteskundeetarako izendapena "ilusio handiz" hartu duela dio Ezenarrok. “Eskertzekoa da benetan EH Bilduk nirekiko erakutsitako konfidantza eta ahalegin guztia egingo dut izendapen honek suposatzen duen ardurari behar bezala erantzuteko”. Azaldu duenez, urte bete luzea eman dute herritarrekin batera gaurko Mendaroren egoeraren diagnostiko "integrala" eta "zorrotza" egin eta hurrengo lau urteetan Mendaron atzeman dituzten gabezia nagusiei "erantzun eraginkorra" emateko euren hauteskunde-programa prestatzen. Eta azken hilabeteak programa hori aurrera eramateko lantalde "sendo bat" osatzen pasa dutela gaineratu du. "Biak ala biak lortu ditugula esango nuke”, adierazi du.
Ezenarroren arabera azken agintaldia ez da erraza izan EH Bildurentzat Mendaroko Udalean. "2019ko hauteskundeetan hirugarren aldiz jarraian EH Bilduk Mendaroko lehen indarra izatea lortu bazuen ere, argi ikusi zen berehala, EAJk eta PSEk alderdien interesak jarriko zituztela Mendarotarron interesen gainetik. Alderdien ejekutibek erabaki bezala, PSEk bere bozkak EAJren mesedetan jarri zituen hasieratik eta, hala, EAJk, bigarren indarra izan arren, eta gutxiengoan egon arren, gehiengo absolutua izango balu bezala gobernatu du Mendaron lau urteotan. EH Bildutik egin dizkiogun elkarlanerako eskaintzak behin eta berriz gutxietsi ditu EAJk eta ahal izan duen bakoitzean EH Bilduren aportazioak bereak balira bezala aurkeztu ditu. Kontuan izan behar da gainera, PSEko zinegotzia kanpokoa izanik, formalismoetatik harago interes eta intentsitate gutxi jarri duela Mendaroko gaietan eta, funtsean, EAJri nahi duena egiten uztera mugatu dela. Mendarorako ona omen zen kanpotarren ‘begirada zabalagoa’, baina ez dute euren herrirako, Eibarrerako, nahi”, adierazi du alkategaiak.
Azken lau urteotan Udalean egin duten lanaren errepasoa ere egin du koalizio abertzaleko zerrendaburuak. Jarrera "eraikitzailea" mantendu dutela hasieratik adierazi du eta "ekarpen positiboak" egiten saiatu direla, "herritarrek politikan gabiltzanoi hori eskatzen digutela ulertuta". Uste du jendea gogaituta dagoela alderdien arteko liskarrekin eta alderdikeriekin, eta Mendaroko Udalean ordezkaritza duten alderdiek mendaroarren alde "zintzoki" kolaboratzea da bere nahia. Amaitzear den legegintzaldian egin dituzten aportazioak gogora ekarri ditu Ezenarrok, besteak beste: "Azpilgoetako ludoteka, Azpilgoetako irisgarritasun lanak, frontoi atzean gimnasioa martxan jartzea, etxebizitzak berrizteko Udalak ematen dituen dirulaguntzak, herriko enparantzan komun publikoak zabaltzea, zubi zaharra berritzeko etengabeko eskaera, Elgoibartik Debarako bidegorria eraikitzeko etengabeko eskaera, ikastolako teilatuan ezarri diren plaka fotoboltaikoak, familia ugarientzako laguntza fiskalak, Mendaroko ondare arkeologikoa babesteko diru partida, Anjel Basterretxearen funtsaren digitalizazioa, ikastolako Zaintza Zerbitzua antolatzeko diru partida etab. luze bat. Baina EAJk bereak balira bezala saltzen ditu eta horrek elkarlanerako behar den konfidantza deusezten du”.
Amaitzeko, Ezenarrok argi laga nahi izan du bere helburua, herritarrekin elkarlanean, beren programa gauzatzeko hauteskundeak irabazi eta Mendaroko Udala gobernatzea dela, eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen du maiatzaren 28ko hauteskundeetan EH Bilduk gehiengo osoa lortzea. "Izan ere, Mendaroko udalerako PSE bozkatzen duenak, argi izan behar baitu, gaur gaurkoz Mendaron PSE bozkatzea, EAJ bozkatzea dela. Horixe frogatu da azken agintaldian”.