Gerra zibilean hildako gudari baten gorpuzkinak atera ditu Aranzadik Zelaietaburun

Barren.eus 2016ko mar. 5a, 14:12

Aranzadi Zientzia Elkarteak pertsona baten gorpuzkinak atera ditu gaur, Zelaietaburun (Etxebarria), Elgoibarko lurretatik metro gutxitara. Eguraldi petrala izan arren, Aranzadik goiz osoa jardun du lanean hobia ateratzen. Agertutako hezur zatiak nahiko deseginda zeuden. Hezurren ondoan bala ugari ere agertu dira. Lekukotzen ondoan beste bi pertsonen gorpuzkinak egon daitezke baina gaurko eguraldi hotz eta hezearen ondorioz, beste egun batean jarraitu beharko dute lanek.

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak joan den hilabetean Zelaietaburun bertan ordezko hortz batzuk eta bala zorroak aurkitu ondoren, gerrako hobi bat egon zitekeela pentsatu zuten eta ingurua garbitzeari ekin zion, Aranzadik gaur gorpuzkinak atera zitzan.

Zantzu guztien arabera, gerra sasoiko gudari edo miliziano baten gorpuzkinak dira. Izan ere, 1937ko apirilean borrokaldi gogorrak izan ziren Urkaregi inguru hartan. Fusiltatutako eta hilobiratutako pertsonen lekukotasunak jaso dituzte 36ko Gerrako eta Frankismo garaiko hilketak argitzeko lanean ari diren taldeek.

Pako Etxeberria forentsea izan da gaurko lan taldearen buru. Ateratako gorpuzkinak laborategian aztertu beharko dituzte orain, eta hainbat froga egin beharko dituzte gorpuak norenak diren edota zelan hil ziren argitzeko.

 

  • Hainbat lekukotza

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak azaldu du zenbait lekukotzaren arrastoari jarraitu behar izan ziotela hilobia aurkitzeko. "Ez da erraza izan beraientzat ere. Urte asko igarotzean, transmisioan desgasteak ekarri ditu, eta nola ez, pasarte haiek berriz gaur egunera ekartzeak memoria haiek karga emozionalez nahasten ditu, adinarekin batera beraiengan eraginez", jakinarazi du elkarteak.

Urtarrilean, Zelaietaburuko gainean, borrokalari antifrankisten kokapenetako bat berreskuratu zuen elkarteak eta garbiketa lanetan hortz orde bat aurkitutakoan jarri ziren harremanetan Aranzadi Zientzia Elkartearekin.

Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearen arabera, "Molak 1937k martxoaren azkenetan Bizkaiari errenditu zedin ohartarazi arren, gudari eta milizianoek borrokatzea erabaki zuten, eta 1937ko apirilaren 19-24 tarteko egunetan azken ofentsiba burutu zuten. Borrokaldi hartan, Euskitze inguruetatik zehar, Garron gora, Kortatxiki inguruetara arte, Zelaietaburu ondora arte sartzea lortu zuten milizianoek, baina faxistek harrapatu eta haietako hiru unean bertan harkaitzetan fusilatu zituztelakoan gaude. Lubakiaren zuloa aprobetxatuz han hobiratu zituztela uste da".

"Eta honen berri jaso ahal izan dugu Jose Mari San Martin eta Maria Pilar San Martin, Soarte baserrian jaiotakoak, haurrak zirela bizitakoa beraien memorian jaso eta eskainitako testigantzen bidez", argitu du .

Hainbat herritar hurreratu da Zelaietaburura eta baita udal eta erakundeetako ordezkariak ere, besteak beste, Luis Ortiz Alfau Izquierda Milicianako miliziano ohia, Elgoibar 1936 elkarteko kideak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kideak, Jesus Iriondo Etxebarriako alkatea eta beste hainbat zinegotzi, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Julen Arzuaga EH Bilduko parlamentaria. Horiez gain, Arnaldo Otegi ere han izan da hildakoari egin dioten omenaldi txikian.

2016 03 05 gorpuzkinak2

2016 03 05 gorpuzkinak etxeberria2b

 

2016 03 05 gorpuzkinak otegi erkoreka

2016 03 05 gorpuzkinak lorak ahaztuenoroimena

2016 03 05 gorpuzkinak balak2a

2016 03 05 gorpuzkinak etxeberria2

 

2016 03 04 aztarnak mapa

 

2016 03 04 aztarnak mapa2