Aske gelditu da Arnaldo Otegi

Barren.eus 2016ko mar. 1a, 08:10

Arnaldo Otegi aske gelditu da 08:45ean. Logroñoko kartzela aurrean jendetza hurbildu da, Otegiri harrera egitera. Elgoibartik autobusa irten da 06:00etan eta hainbat elgoibartar automobilez abiatu dira haraino. (argazkiak eta bideoak dauzka)

Berrehun bat lagun elkartu dira espetxe atarian, tartean, Fermin Muguruza musikaria, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusi ohia eta CUPeko Ana Gabriel eta David Fernandez. Akreditatutako kazetariak 50 bat dira. 

Irteera hunkigarria izan da. Espetxetik irtendakoan senide eta lagun mordoa hurbildu da Otegi besarkatzera.

"Lehendakaririk onena Euskal Herrian, herria"

Arnaldo Otegik, espetxeko atarian emandako hitzaldian, ezker abertzaleak orain urte batzuk ekindako bidea defenditu du. “Euskaldun bezala sartu gintuzten kartzelara eta euskaldun bezala ateratzen gara. Euskaldunak gara eta harro gaude. Independentista bezala sartu gintuzten kartzelara eta are independentistagoak gara ateratzen garenean. Sozialista bezala sartu gintuzten kartzelara eta are sozialistagoak ateratzen gara kartzelatik. Eta orain tokatzen dena da irekitako bidean sakontzea eta irekitako bide hori azken muturreraino eramatea. Etxera preso guztiak eta independentzia. Lehendakaririk onena Euskal Herrian herria. Gora zuek!”, adierazi du.

Sei urte eta erdi eman ditu Arnaldok bere azken kartzela aldi honetan. Gaurkoa seigarren aldia da Otegik kartzelatik irteten duena, baina aldi guztietatik honetxek eragin du ikusminik handiena, ETAk bere jardun armatua lagako zuela lau urte baino gehiago pasa direnean. Kartzelako atarian adierazpenak eskainiko ditu Sortuko idazkari nagusiak.

Elgoibarrera iritsitakoan, bideo bat igo du Otegik bere twitter kontura. Elkartasuna agertu dioten herritar guztiei eskerrak eman dizkie eta zapatuan Anoetako belodromoan egingo den ekitaldian parte hartzeko gonbitea egin du.

•Elkarrizketa The New York Times egunkariari

The New York Times egunkariak Arnaldo Otegiri elkarrizketa egin dio kartzelatik irten baino lehen eta gaur bertan argitaratu du. Otegik adierazi du EH Bilduren lehendakarigai izateko bere burua aurkeztuko duela koalizioaren baitan.

Hona hemen, Otegik Logroñoko espetxearen atarian eskaini du lehen hitzaldia:

•Argazki bilduma: