Alderdi politikoak maiatzaren 28rako zerrendak osatzen ari dira, eta Elgoibarko EAJ-k eman du zerrendako bigarrenaren izena: Ion Zubiaurre Ros (Elgoibar, 1981). Arkitektoa lanbidez, IDOM/ACXTn egin zuen bere arkitekto karreraren lehen zatia. 2012tik bere arkitektura-bulegoa kudeatzen dihardu, ONYON, beste bazkide batekin. Gaur egun, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Masterra (EMBA) egiten ari da.
Zubiaurrek aurrerapausoa ematea erabaki du, uste duelako EAJ-PNVren proiektua "oso erakargarria, ilusionagarria eta anbizio handikoa dela". EAJtik jakitera eman dutenez, bere zeregin nagusia udalerriaren hobekuntza urbanistikoan sakontzea, herritarren bizi-kalitatea hobetzea, irisgarritasunean aurrera egitea eta elgoibartarrei eguneroko bizitza erraztea izango da. EAJren zerrendaburu izango den Maialen Gurrutxagak adierazi du Zubiaurre funtsezko pieza izango dela irisgarritasuna hobetzeko bidean, azpiegitura berrietan edo espazioen berroneratzean sakontzeko. “Ilusioa dugu eta etorkizunari begiratzen dion proiektu sendoa dugu Elgoibarrerako”.
Gurrutxagak aurreratu du datozen asteetan aurkeztuko dutela prestatu duten Elgoibar 2023-2027 egitasmoa, eta EAJren zerrenda osatuko duten lagunez adierazi du, batetik, esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dituela zerrendak, eta bestetik, kudeaketarako gaitasuna, ausardia eta ilusioa partekatzen dituztela.