Bere jarduna amaitutzat emango du ‘Arnaldo askatu, politika askatu’ plataformak

Barren.eus 2016ko ots. 25a, 14:43

Datorren martitzenean (martxoak1 1), Arnaldo Otegi kartzelatik irtendakoan, bere egitekoa amaituko dela iragarri du ‘Arnaldo askatu, politika askatu’ herri plataformak eta bere jarduna amaitutzat joko du. Era berean, martitzenerako antolatu duten Otegi Free jaialdiak baimen guztiak dituela jakinarazi dute.

“Datorren martitzenean, martxoaren 1ean, aterako da Arnaldo espetxetik eta egun berean, 18:30ean agertuko da Elgoibarko Plaza Handian (Kalegoen), ia sei urte eta erdi espetxean egin ondoren. Arnaldo askatu, politika askatu plataformakideok honenbestez ematen diogu amaiera gure asmo nagusiari eta eskerrak ematen dizkiogu gure ahaleginean bidelagun izan ditugun herritar guztiei”, adierazi dute plataformako kideek.

“Adin, sektore eta ideia askotariko” elgoibartarrek sortu zuten plataforma 2010eko maiatzean, Elgoibarko politikari independistaren askatasuna eskatzeko. Hiru helbururekin jaio zen plataforma: alderdikerietatik kanpo bakegintzan sakontzea, politikari aukera ematea eta Otegiren senitartekoei hurbiltasuna adieraztea. Gogoeta eta aldarrikapena uztartuz, ekimen ugari antolatu ditu plataformak azken urteotan, besteak beste, Elgoibarren egin diren nazio mailako manifestazioak, mahai-inguruak, kontzertuak, elkarrizketak, e.a.

Otegi Free jaialdia baimen guztiekin

Arnaldo askatu, politika askatu herri ekimenak antolatuko duen azken ekitaldia Otegi Free jaialdia izango da. Martxoaren 1ean egingo dute, 18:30etik aurrera Kalegoen plazan. Ekitaldiak beharrezko baimen guztiak dituela nabarmendu du plataformak. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak martitzenerako eta hurrengo astebururako antolatutako ongi-etorri ekitaldi guztiak debekatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, terrorismoa goratu daitekeelakoan. Oraingoz, ez da inolako debekurik ezarri.

•Autobusa kartzelara

Martitzen goizean askatuko dute Otegi, lehen orduan. Elgoibartik autobusa jarri dute Otegiren bila joateko. Autobusa 06:00etan irtengo da Txankakoatik eta txartelak Jai Alai tabernan eskuratu daitezke.