Otegiri egitekoak zaizkion ekitaldiak debekatzeko eskatu du Espainiako Gobernuaren ordezkari Urkijok

Barren.eus 2016ko ots. 23a, 07:25

Arnaldo Otegi datorren martitzenean, martxoaren 1ean, irtengo da espetxetik, eta bi ekitaldi iragarri dituzte irteten denerako, bata Elgoibarren eta bestea Donostian. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak argudiatu du terrorismoa goratu daitekeela bi ekitaldi horietan, eta legea betetzen dela zaintzeko neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari.

Elgoibarren Otegi Free jaialdia iragarri dute martxoaren 1erako, Logroñoko espetxetik irtengo den egunerako. Kalegoen plazan izango da 18:30etik aurrera. Fermin Muguruza, Bad Sound System, La Basu, eta Aneguriak jarriko diote musika ekitaldiari eta, besteak beste, txalaparta, bertsolariak eta dantzariak ere izango dira. Arnaldo Otegik berba egingo duela ere aurreratu dute antolatzaileek.

2016 02 18 otegi free jaialdia kartela

Martxoaren 5ean, berriz, harrera ekitaldia egingo diote Arnaldo Otegiri Donostiako Belodromoan. Otegi preso egon den urteetan babesa eman dioten hainbat lagunek antolatuta, “berezia eta sonatua” izango dela aurreratu zuten joan den barixakuan egin zuten aurkezpen ekitaldian. 

Otegiri egitekoak zaizkion ekitaldiak debekatzeko eskatu du, baina, Carlos Urkijok. "Talde terrorista bateko kide bat goratzea delitu gisa jasota dago Zigor Kodearen 578. artikuluan, eta ezagunagoa izatea ez da aringarri bat, legea guztiontzat berbera baita", esan du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. 

"Aurki hauteskundeak izatea eta batzuek Otegi bake gizon modura aurkeztu nahi izateak ez du zuritzen ETAri eman dion babesa, eta ez du balio legea bete behar ez izateko", dio Urkijok Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari egin dio eskaeran. 

Ekitaldiok babesteko asmoa berretsi du Sortu alderdiak.