Abian prozesuaren baitan espetxeetara martxak antolatu zituen ezker abertzaleak joan den zapatuan. Debabarrenatik lau autobus joan ziren zapatuan Logroñoko espetxera, besteak beste, bertan dago Arnaldo Otegi preso elgoibartarra. (argazkiak eta bideoa dauzka)
Ezker abertzalea Abian gogoeta prozesuan murgilduta dago, eta eztabaida fasea nola egingo den aurkeztu zuen joan den astean. Prozesuan presoen ekarpenak garrantzitsuak direla iritzita, euskal presoak dauden espetxeetara martxak antolatu zituzten zapatuan. Hala, Espainia, Frantzia eta Portugalgo 40 kartzelatara egindako martxetan 4.000 lagun inguruk parte hartu zuten, tartean Debabarrenatik Logroñoko espetxera joandako 200 inguru lagunek. Elgoibartik 50 lagun inguru joan ziren, gehienak autobusez eta autoz banaka batzuk.
Espetxe aurrean egin zuten ekitaldian Unai Larreategi soraluzetarrak eta Jone Salinas eibartarrak irakurketa politikoa egiteko hartu zuten hitza. "Euskal Herrian ireki dugun aro politiko berri honetan, euskal preso politikoen ekarpena ezinbestekoa da gatazkaren zikloari amaiera eman eta haren ondorioei irtenbide justu eta demokratikoa eman ahal izateko. Horrexegatik, nahi dugu Abian prozesuan parte izan daitezen, haien ekarpena funtsezkoa delako", adierazi zuten.
Musikak ere izan zuen lekua ekitaldian, txalapartaren eta adarraren soinuez gainera, Jon Kirru Iparragirrek -Keike eta Xarma musika taldeetako kide ohia eta Ibon Iparragirre presoaren anaia- Deabruak Teilatuetan taldearen Zuentzat eta Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantak jo zituen-eta.
Ondoren, trikitilarien atzetik kalejiran hurreratu ziren patio eta zelden ingurura "euskal presoak etxera" oihukatuz eta kantuan, presoek hobeto entzun ahal izateko. Hamaiketakoa egin eta gero etxerako bidea hartu zuten Logroñoko espetxeraino joandako lagunek.
Ikus hemen Ion Telleria naiz.eus-eko kazetariak Logroñon jasotako irudiekin osatutako bideoa:
Argazkiak: Gotzon Elizburu eta Ion Telleria.