Elgoibartar "sutsua" eta herriarentzako lanean "gogotsu" jardun duen emakumea izan dela nabarmendu dute Elgoibarko EAJ alderdiko arduradunek Mari Ecenarroren heriotzaz jakin berritan, eta adierazi dute bera bezalakoei zor diegula gaur garena eta etorkizunean izango garena. "Euskalduna, euskaltzalea, abertzalea eta langilea izan zen Mari. Egun handira arte!", agurtu dute.
Ecenarrok 1979ko apirilaren 3an egin zituzten udal hauteskundeen ostean hartu zuen zinegotzi kargua, EAJ alderdiarekin. Francisco Franco diktadorea hil ostean egin zituzten aurreneko udal hauteskundeak izan ziren, demokraziako aurrenekoak. EAJ-PNV alderdiak jaso zuen boto gehien, eta bederatzi zinegotzi lortu zituen, eta Mari Ecenarro izan zen emakumezko bakarra (beheko argazkian bederatzi zinegotziak). 3.185 boto eskuratu zituzten jeltzaleek, boto emaileen %47,39. Herri Batasuna izan zen orduan bigarren indarra 1.225 boto eta hiru zinegotzirekin; eta PSE-EE geratu zen hirugarren lekuan, 797 boto eta bi zinegotzirekin. Gero, 1979ko apirilaren 19an eratu zuten udalbatza. Luis Arrieta aukeratu zuten alkate. Honakoek osatu zuten udalbatza: EAJ (Luis Arrieta, Jose María Oruesagasti, Luis Gurrutxaga, Francisco Javier Arrizabalaga, Mari Ecenarro, Jose Maria Garate, Manuel Conde, Jesus María Etxeberria eta Javier Andonegui), HB (Jose Ignacio Zurutuza, Miguel Alberdi eta Juana Echave), PSOE (Vicente Irazabal eta Francisco Garcia), EEI (Jesus Maria Astigarraga eta Sabino Osoro) eta PCE (Emiliano Sierra).