Lantalde horrek egindako lana Mendaroko EH Bilduren oinarriaren ekarpenekin osatzeko, urriaren amaieran lan saio parte-hartzaile bat antolatu zuten udaletxeko pleno aretoan.
Herri nortasuna, gizarte politikak eta herri jasangarria atalburuetan banatuta, hamar gai izan zituzten eztabaidagai: euskara eta kultura; hezkuntza, haur eta nerabeak; berdintasuna, aniztasuna eta gizarte ekintza; kirola eta osasuna; hirugarren adina; etxebizitza eta gaztedia; hirigintza, mugikortasuna eta auzoak; trantsizio energetikoa; naturguneak eta ondarea; eta, toki garapena, elikadura burujabetza eta kutsadura.
Koaliziotik jakitera eman dutenez, bederatzi emakumek eta hamabost gizonek parte hartu zuten eta 50 ekarpen baino gehiago jaso zituzten. Parte-hartzaileei asetasun inkesta pasatu zieten gero, eta emaitzak ikusita, saioa "arrakastatsua" izan dela baloratu dute EHBildutik. Saio horren ondotik, hurrengo fasea hasiko dutela jakinarazi dute orain, eta herri programa osatu arteko fase berri horretan ere herritarren eta herriko taldeen iritzia kontuan hartzeko "ahalegin berezia" egingo dutela nabarmendu.