Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari berria

Barren.eus 2022ko aza. 2a, 15:52

Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendari izendatu dute Nerea Isasi Bedayo mendaroarra.

Isasik Miren Elgarresta ordezkatuko du Berdintasun zuzendaritzan, hura Emakundeko zuzendari izendatu berri baitute. Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak eman du izendapenaren berri gaur, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko hedabideen aurrean egin duen agerraldian. Mendozak esan du kargu hartze hau "benetan garrantzitsua" dela Aldundiarentzat. "Askotan esan ohi dugun bezala, Gipuzkoa Europa desberdintasun maila txikiena duten lurraldeen artean kokatu nahi dugu. Eta, bide horretan, desberdintasunari aurre egin nahi diogu bere alderdi guztietatik: sozialak, ekonomikoak, hizkuntza ikuspegikoak… eta nola ez, genero ikuspegikoak”, adierazi du Mendozak. Era berean, nabarmendu du Berdintasun Zuzendaritzak orain arte egindako lana "erabakigarria" izan dela, eta Gipuzkoan "lortutako aurrerapenak sendotzen" lagundu duela. "Hemendik aurrera, Isasiren zuzendaritzapean, seguru nago horrela izango dela", adierazi du Mendozak.

Eibartarra sortzez, Mendaroko bizilaguna da Nerea Isasi eta EAJko zinegotzia ere bai Mendaroko udal korporazioan. Ikasketei dagokionez, Magisteritzan Diplomatua eta Psikopedagogian Lizentziatua da eta, lan esperientziari erreparatuta, hezkuntza publikoan hamabost urte egin ditu lanean, azkenengo zazpi urteak Lanbide Heziketan. Gainera, Berdintasunari buruzko goi maila ezartzen lagundu zuen Isasik, eta irakasle izan zen. Arlo berdinarekin lotuta, berdintasuneko ziurtagiri profesionaleko irakaslea ere izan da.