"Protagonismo guztia" beretzat hartu nahian ibiltzea leporatu dio Mendaroko EH Bilduk EAJri

Barren.eus 2022ko uzt. 7a, 09:53

EAJk elkarlanerako borondaterik ez duela salatu du Mendaroko EH Bilduk prentsa-ohar bidez, eta azkeneko asteetako bi gertakizun eman ditu argudio gisa. Batetik, salatu du Mendaroko sarbide berriaren aurreproiektua "ezkutuan" mantendu duela EAJk, eta gai horren inguruan "informazioa sarri eskatu arren, berririk ez dagoela" erantzun izan diela beti alkateak, "azkenekoz maiatzaren 19ko informazio batzordean". Duela aste pare bat Foru Aldunditik aurreproiektua aurkeztera etorri zirenean medioak bakarrik konbokatu zituztela gogorarazi dute, "hiru urte hauetan gaia hurbiletik jarraitu eta ekarpenak egiteko ahalegina egin dugun herritar nahiz zinegotziok bazterrean utzita". Bestetik, uholdeen gaian ere EH Bildu "zokoratu" egin dutela salatu dute. Horren harira gogorarazi dute uholdeetan kaltetutako auzotarrek eskatuta batzorde berezi bat sortu zela gai horri konponbidea bilatzeko, eta gai horretan elkar hartuta joatea eskatu dutela behin eta berriz auzotarrek, baina EH Bildu ez duela EAJk kontuan hartu, "EH Bilduk horretarako prestutasuna agertu arren". Honela diote zabaldu duten prentsa-oharrean: "Batzorde horrek egin dituen azken bi batzarretara EH Bildu deitu ere ez du egin Mendaroko alkateak, auzotarren eskaerari muzin eginez, lotsagabe. EAJren asmoa argia da: argi gera dadila Mendaron soluzioak EAJren eskutik datozela eta ez beste inoren eskutik". EAJri gogorazi diote hauteskundeetan EH Bildu izan zela alderdi bozkatuena (451 boto eskuratu zituen EH Bilduk, eta 412 EAJk). "EAJk jakin beharko luke EH Bildu mespretxuz eta harrokeriaz tratatzen duenean, EH Bildu bozkatu zuten herritarrak mespretxatzen dituela.

PSErentzako mezua ere badago oharrean. EH Bildutik azpimarratu dute EAJk agintaldi honetan gehiengorik izan gabe, "gehiengoa izan balu bezala" agindu izana "oso-osorik" PSEren ardura dela. "PSEko arduradunek Mendaron EAJri emandako txeke zuriari esker baino ezin izan du hori egin EAJk. Gaur gaurkoz PSEri botoa ematea, bai EAEn eta bai Mendaron, zuzenean EAJri botoa ematea da".