Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzen den egiaztatu nahi du Elkarrekin Podemosek

Barren.eus 2022ko eka. 16a, 10:02

Klima aldaketari aurrea hartzea ezinbesteko ikusten dute Elkarrekin Posemos IUn, eta horren harira jakinarazi dute mozioak erregistratuko dituztela udaletan, 2019an onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoaren legea betetzeko udal gobernuak egiten ari direnaren berri izate aldera.

Koalizioak Udalei eskatuko die sei hilabeteko epean ekintza-planak egin ditzatela, Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoaren legearen helburuak osorik betetzeko. Plan horietan, proiektatutako neurriak, horietarako aurrekontua eta jarduteko egutegia jasotzeko eskatuko diete. Era berean, aldian-aldian – gutxienez urtean behin – eta herritarrei planean ezarritako helburuen irismenari eta planaren betetze-mailari buruzko informazioa "modu irekian" ematea eskatu dio Udal Gobernuari.

Neurrien artean, legeak energiaren kontsumoa ehunekotan murriztea eta energia berriztagarriak erabiltzea ezartzen du, eta, aldi berean, instalazioak, ekipoak eta ibilgailuak berritzeko baldintzak ezartzen ditu, eta lehendik dauden eraikin guztien kalifikazio energetikoa eskatzen du. Era berean, legeak behartzen ditu udalak hiri-mugikortasuneko plan bat edukitzera eta erregai alternatiboak erabiltzen dituzten ibilgailuak sustatzera –besteak beste, garraio-zerbitzu publikoa–, eta atea irekitzen zaie udalerriei ibilgailu jakin batzuk hirigunean sartzea mugatzeko edo debekatzeko.