Arnaldo Otegi eta beste zenbait buruzagi independentista espiatu dituztela zabaldu du 'The New Yorker' komunikabideak

Barren.eus 2022ko api. 19a, 16:00

Arnaldo Otegiz gain, Jon Iñarritu EHBilduko koalizioko diputatua eta Kataluniako buruzagi independentista asko daude espioitutakoen zerrendan, besteak beste Quin Torra Kataluniako presidentea, Anna Gabriel CUPeko ordezkaria, Pere Aragones ERCko zerrendaburua eta Artur Mas Generalitateko presidentea izandakoa. Pegasus progama bidez zelatatu dituzte guztiak. Programa hori Israelgo enpresa batek garatutakoa da eta sakelako telefonoen bidez deiak kontrolatzeko erabiltzen dute. Albistearen inguruan Arnaldo Otegik honako mezu hau zabaldu du sare sozialen bidez: "Ilegalizatu egin gintuzten, torturatu egin gintuzten, hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ziguten, gerra zikina egin dute eta Estatu erailketak egin dituzte. Inor harritzen al da gu zelatatzeaz? 78ko erregimena bere gordinean. Zorupe etikoa".
 
Espainiako Gobernuak "ez du ezkutatzeko ezer"
 
CNI Espainiako Zerbitzu Sekretuek buruzagi independentistak espiatu ote zituen galdetu diote gaur kazetariek Isabel Rodriguez Espainiako Gobernuaren bozeramaileari eta hark esan du ezin diola horri erantzun: "Kontu sekretuak dira, eta legeak ez dit lagatzen haien inguruko azalpenik ematen". Hala ere, esan du Gobernuak ez dituela inoren komunikazioak zelatatzen legearen eta zuzenbidearen babesean ez bada. "Gobernu honek ez du onartuko gure herriaren kalitate demokratikoa zalantzan jartzea. Berriro diot: Espainia estatu demokratikoa eta zuzenbidezkoa da, norbanakoen eskubideak eta askatasunak goitik behera errespetatzen dituena".
 
Jaurlaritzaren erantzuna
 
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere hitz egin du gaiaren inguruan eta esan du espioitza egon dela egiaztatuko balitz, "benetan larria" litzatekeela. "Desberdin pentsatzen duena zelatatzea, hori baita argitaratutako informazioek erakusten dutena, sistema demokratiko bermedunaren oinarrien aurkako erasoa da", esan du. Haren esanetan, halako ekintzek ez dute lekurik zuzenbide estatu batean.