Errusiaren inbasioa salatu eta Ukrainari babesa erakutsi dio Udalak

Barren.eus 2022ko mar. 23a, 14:11

Elgoibarko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adierazpen instituzionala zabaldu dute, Ukrainaren inbasioaren harira.

Errusiako Gobernuak Ukraina erasotzeko eta inbaditzeko hartutako erabakiaren ondorioz, azken bi asteetan dozenaka pertsona hil dira, ehunka zauritu eta milaka bonbetatik ihes egiten ari dira. Horren aurrean, Elgoibarko Udalak babes eta elkartasun osoa adierazi die Ukrainiako herriari eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adierazpen instituzionala zabaldu dute.

Honako sei puntu hauek adostu dituzte:

  1. Elgoibarko Udalak Errusiaren eraso militarra salatu du, berehala bertan behera uzteko eta indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzeko eskatu du.
  2. Elgoibarko Udalak biktimen kopurua biderkatu aurretik liskarrak berehala bertan behera uzteko eskatzen du, baita tropak Errusiar Federazioaren nazioarteko lurralde aitortura itzultzeko ere.
  3. Elgoibarko Udalak dei egiten die eragile guztiei gerra-arriskutik urrunduko gaituzten konponbideak bila ditzaten.
  4. Elgoibarko Udalak berretsi du ezberdintasunak Nazio Batuen Gutunaren esparruan konpondu behar direla, bide baketsu eta diplomatikoen bidez.
  5. Elgoibarko Udalak Europako erakundeei eskatzen die arreta eman diezaiela Europako beste herrialde batzuetan babes bila ari diren Ukrainatik joandako pertsonei.
  6. Elgoibarko Udalak babes eta elkartasun osoa adierazten die Ukrainiako herriari eta Errusian gerraren aurka dauden eta poliziaren eta militarren errepresioa jasaten ari diren pertsonei.