Kutxari eta Osakidetzari mendaroarrei urte osoan zerbitzu egokiak eskaintzeko eskaeran EAJ eta PSE alderdiek erakutsitako jarrera zalantzagarria iruditzen zaio EH Bilduri

Barren.eus 2022ko mar. 18a, 11:14

Mendaroko udalbatzarrak aho batez onartu zuen, otsaileko osoko bilkuran, Mendaron zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta erakundeei, kontsumitzaile zaurgarriei arreta zuzena eta azkarra ematea eskatzeko mozioa.

Mendaroko EH Bilduk prentsa ohar bidez nabarmendu du urteak daramatzatela Udal batzorde zein plenoetan Mendaroko anbulatorioak eta Kutxako bulegoak herritarrei urte osoan zehar zerbitzu egokia emateko ahaleginean. Talde guztiak gai horien inguruan ados jartzea garrantzitsua dela uste du Mendaroko EH Bilduk, baina, EAJ eta PSEren jarrera "zalantzagarria" iruditzen zaio. "Kutxa bezalako entitate publikoa pribatizatzen eta kontrol publikotik askatzen lagundu zuten 2014an, norbere etekinei baino begiratzen ez dien enpresa pribatu arrunta bilakatuz. Gero erantzukizun soziala eskatzen diete enpresa honi. Anbulatorioaren kasuan, berriz, argi dago Osakidetzan zein alderdi politikok duten agintea azken urte luzeetan. Alderdi hauena da urte luzez Osakidetzan ematen ari den murrizketa prozesuaren ardura", adierazi dute koalizioko arduradunek. Ondorioz, salatu dute gai honen inguruan EAJk eta PSE-EEk agerian jarritako jarrera "hipokrita xamarra" dela.

EH Bilduk gogora ekarri du urteak daramatzatela herrian oinarri-oinarrizko zerbitzuetan ematen diren "murrizketa etengabeak" salatzen eta gai hori batzorde eta plenoetan "behin eta berriz" mahai gainean jartzen, eta Mendaroko Udalari gai honen inguruan dagokion lekuan "presioa egiteko" eskatzen. Azken aldiko bi adibide eman dituzte, osasunari eta ekonomiari loturikoak. "Batetik Mendaroko anbulatorioko zerbitzua. Covid19-arekin gabeziak areagotu baino ez dira egin, baina aurrez ere hasita zeuden murrizketak aplikatzen. Oso adierazgarria da, esaterako, 2020ko uztailean eta abuztuan ia-ia itxita egon zela Mendaroko anbulatorioa. Bestetik Kutxabankek Mendaron daukan bulegoak herritarrei azken urteetan eman izan dien zerbitzu gero eta kaxkarragoa gogoratu behar dugu. Mendaroko finantza-bulego bakarra izanik oso-oso larria iruditzen zaigu Kutxabankek gurea bezalako herrietan aurrera daraman politika. Interes pribatuei baino erantzuten ez dieten praktika hauek jende nagusia eta orokorrean, Mendaroko pertsona zaurgarriak kaltetzen dituzte batez ere, beste herri batzuetara mugitzera behartuz".
Gai honen inguruan Mendaron zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta erakundeei kontsumitzaile zaurgarriei arreta zuzena ez ezik, hurbila eta azkarra ere emateko eskatzenduen mozio bat onartu zen ahobatez Mendaroko Udaleko otsaileko plenoan. Eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetara sartzeko makinak erabiltzera derrigortzea saihesteko eta kaleko itxaronaldiak ekiditeko ere eskatzen zitzaien mozio horretan. "Izan ere, bezeroarentzako arreta-zerbitzu askok gabeziak dituzte eta, ondorioz, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak ezinbesteko zaurgarritasun- eta babesgabetasun-egoerak pairatu behar izaten dituzte", esan dute.

∞Lotura duten albisteak: