Azpiegituren, irisgarritasunaren eta gizarte zerbitzuen inguruko kezkak azaldu dituzte elgoibartarrek Etorkizuna Eraikiz egitasmoko proposamenetan

Barren.eus 2022ko mar. 16a, 16:52

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak Elgoibarko alkate Ane Beitiarekin bilera izan dute gaur, 'Etorkizuna Eraikiz' egitasmoaren baitan jasotako 82 herritarren ekarpenak aztertzeko eta tokiko ekimen nagusiak ezagutzeko.

Gipuzkoako etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Aldundiak herritarrak, eta horretarako Etorkizuna Eraikiz kanpainako kapsulak  lurraldeko hainbat herritan egin ditu geldialdiak azken hilabeteetan. Bertan, 2040an Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten galdetzen zitzaien bizilagunei. Elgoibarren ere egon zen kapsula hori, Kalegoen plazan, joan den azaroaren 4an. Plazan egon zen bitartean, -egun bat- Gipuzkoaren etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak eskaintzeko aukera izan zuten herritarrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Elgoibarko Udaleko agintariek azaldu dutenez, jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko ekimen nagusiak ezagutzeko batu dira gaur Elgoibarren. Zehaztu dutenez, Elgoibarrek behar dituen azpiegiturei buruzkoak dira Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez azaroaren 4an Elgoibarren jasotako 82 herritarren ekarpenak, baina baita mugikortasunari eta gizarte-politikei buruzkoak ere. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Ane Beitia alkatearekin izandako bileran eman du datu horien berri.

  Ikus hemen herritarrek Etorkizuna Eraikiz kapsulan Elgoibarren eginiko ekarpenak -PDF-

“Ekarpenen lanketa egin ondoren Udalaren eskutan jarri dugu Elgoibarren argazki bat herritarren kezkak zein diren azalduko dituena, beti ere testuingurua etorkizuna izanik”, esan du Olanok. Udalean funtsezkoak diren proiektuak ezagutzera ere etorri dira eta erakundeen arteko lankidetza eta harreman ildoak estutzen jarraituko dutela esan dute, baita erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzatik politika publiko berriak garatzeko bideak ere.
Ane Beitiak nabarmendu du Etorkizuna Eraikiz partaidetza prozesuaren arabera, herritarren proposamenak azpiegituren, mugikortasunaren, irisgarritasunaren eta gizarte zerbitzuen arlokoak izan direla batez ere. Udalak aurrez entzumen aktiboan jardundakoa dela adierazi du eta jadanik hainbat lan eginak dituela arlo horietan: igerileku berriak, irisgarritasuna eta mugikortasuna bultzatzeko igogailu berriak eta Udalbusaren babesa eta Gizarte zerbitzuen arloan mapa osatzeko apustua aipatu ditu.
Alkateak gaineratu du Elgoibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko harremana “etengabea” dela, batez ere gizarte-zerbitzuen esparruan, “eta ildo estrategiko hori partekatzen dugu bai eskaintzen ditugun zerbitzuen katalogo zabalean, bai San Lazaro egoitzan edo etorkizuneko Errezabal egoitzan. Helburua da udalerri eta lurralde hobe baten alde lan egitea, garapen komunitarioan eta aurrerapen sozial eta ekonomikoan oinarrituta, modu inklusibo eta jasangarrian”, ondorioztatu du.

Arlo nagusi horiez gain beste hainbat gairekin lotutako eskaera edo proposamenak ere egin dituzte herritarrek: ingurumena, gazteria, genero-berdintasuna eta euskara.
Egitasmoaren Elgoibarko ekarpenak azaldu ostean esan dute “guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko”.

∞Lotura duten albisteak: