Maskara barruko espazioetan erabiltzeko derrigortasunak eta kirol ekitaldien edukiera mugak baino ez dute jarraituko indarrean.
Eusko Jaurlaritzak amaitutzat jo du abenduaren 3tik indarrean egon den osasun larrialdi egoera. Horren ondorioz, Labi bera ere desegingo dute. Barikuan, hilak 11, argitaratuko dute neurriak arintzea aginduko duen dekretua, eta astelehenetik aurrera egongo da indarrean. Madrilen esku dauden arauak soilik mantenduko dira ordutik aurrera: kirol estadioetako edukierak eta maskararen derrigortasuna, kasu batzuetan.
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Batzorde Zientifiko Teknikoaren Irizpenak, epidemiologia- eta ospitaleetako-adierazleen bilakaerak, joeraren aurreikuspenak eta txertatutako biztanleriaren mailak hartu dituztela kontuan osasun-larrialdiari amaiera emateko, bai eta Europako testuinguruan eta gainerako autonomia-erkidegoetan hartutako "neurrien joerak" ere.
“Faktore horiek guztiak hartu ditu kontuan LABIren Aholku Batzordeak neurriak lasaitzeko eta osasun-larrialdiko egoerari amaiera emateko beste urrats bat emateko”, azaldu du Lehendakariak. Azaldu duenez, fase berri honetan pandemiaren kudeaketa ezohiko baliabideetara jo beharrik gabe gara daiteke, hala nola osasun-larrialdira edo LABIra.
Adierazle guztiek beheranzko joera dutela nabarmendu du Urkulluk, eta omikron aldaerak proportzioan hildako eta ospitaleratze gutxiago eragiten dituela. "Ospitaleratzeetan duen eragina eta ZIU oheetan duen bilakaera aztertu dugu, baita gaur egun 0,68an dagoen R0 indizea ere (2020an konfinamendu estua amaitu zenetik txikiena). Datu hori konfinamenduan bakarrik erregistratu da eta ez da 2021 osoan errepikatu".
"Txertaketaren garrantzia" ere hizpide izan du. Txerta daitezkeen guztietatik %93k txertoa jasoa dutela azpimarratu du, eta horrekin immunitate natural handiagoa lortu dela. Urkulluren berbetan, positibo eman duen txertatu gabeko pertsona batek lau aldiz arrisku handiagoa du ospitaleratzeko txertatuta dagoen batek baino.
Lehendakariak, bere hitzaldia amaitzeko, bi gogoeta egin ditu: zuhurtzia mantentzeko gonbidapena eta susperraldirako deia.
Euskal herritarrei zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko eskatu die, birusak mutazio-ahalmen handia duelako eta planetako eremu askotan "txertaketa-defizita" mantentzen delako. Adierazi duenez, oraindik ere beharrezkoa da prebentzio-jarrera bat arrisku-egoeren aurrean, eta, aldi berean, prebentzio-neurri nagusiak gogorarazi ditu: maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia, barruko espazioak aireztatzea edo pilaketak saihestea. Ildo horretan, COVID-19aren erruz hil diren milaka pertsonak gogoratu ditu.