Ane Beitia eta Iñaki Arregi Elgoibarko eta Mendaroko alkateek eskualdea biziberritzeko ponentzian hartu dute parte

Barren.eus 2022ko urt. 20a, 12:03

Ane Beitia eta Iñaki Arregi Elgoibarko eta Mendaroko alkateek agerraldia egin zuten eguaztenean Debabarreneko eskualdea ekonomikoki suspertzeko ponentzia eratzeko Eusko Legebiltzarreko batzordean. Elgoibarko alkateak hiru ideia nagusitan jarri zuen fokua: hiri-eremua, industria eta enplegua eta formakuntza-talentua. Mendarokoak industrian jarri zuen lehentasuna.

Hiru ideia nagusitan jarri zuen fokua Ane Beitiak: hiri-eremua, industria eta enplegua eta formakuntza-talentua.

  1. Hiri eremuan hirigune historikoak duen berritze beharra, eta irisgarritasuna oinarrizkotzat jo zituen Beitiak legebiltzarkideen aurrean egin zuen berbaldian. "Joan den mendeko 50. hamarkadan eman zen garapen industrialak herriaren garapen azkarra ekarri zuen. 90. hamarkadaz geroztik, ordea, industriak bilakaera nabarmena izan du mundu globalizatuaren ondorio, eta herri erdigunean zein etxe atarietan genituen tailerrak herriaren kanpoaldera lekualdatu dira. Horrek herriko hainbat kaleren eraberritzea eskatzen du herritarrentzako atseginago eta erakargarriago egiteko”, azaldu zuen. Herriko irisgarritasunari dagokionean, Elgoibarko orografia, azpiegitura eta oztopo naturalek barne irisgarritasuna hobetzeko ekintzak behar dituztela azaldu zuen Elgoibarko alkateak Legebiltzarrean, "udalerri barruan, hirigune historikoaren eta lehen zabalgunearen artean, eta gainerako auzoetan, mugikortasuna errazteko”. Deba ibaiaren ingurua leheneratzea ere garrantzitsua da Elgoibarko alkatearentzat. “Deba ibaia elementu berezia da, herria zeharkatzen eta zatitzen baitu, eta hiri-berroneratzearen ardatz gisa (fatxadak, pasealekuak...) aprobetxatu beharreko ezaugarri bereizgarria da. Oro har, ibilgua eta haren ingurunea lehengoratzea eta birgaitzeari lehentasuna ematen diogu”. Bidegorri eta garraioen sarea zabaltzeko beharraz ere mintzatu zen. “Eibarrekin eta Ermuarekin trenbide-maiztasuna handitzeak Mendaro eta Debaraino zabaldu beharko litzatekeen eskualde-harremana errazten du. Era berean, Ermua-Eibar-Maltzaga bidegorria zabalduz gero, trenbide-trazadura zaharrak edo bide berriak Soraluze, Alzola eta Mendarorako bidegorri gisa egokitu daitezke, eta Debara, Mutrikura eta Ondarroara ere zabal daitezke”.
  2. Industriari erreparatuz, Elgoibarko Udala hiru ildo estrategikoei heltzen saiatu da, herriko enpresen etorkizuna "sendotu, modernizatu eta bermatzeko", eta formazioa ere lehentasunen artean aipatu zuen Beitiak. Industria-lurzoru berria garatzeko, lurzoru kutsatua berriz onera ekarri eta lehendik dagoen "industria-lurzoru kontsolidatua leheneratzeko baliabideak jartzea" eskatu zien Beitiak legebiltzarkideei.
  3. Formakuntzari garrantzi berezia eman zion Beitiak etorkizunera begira: “Barnealdean zein kanpoan ibilbide aitortua duten prestakuntza-zentroen presentzia dugu. Hori da gure altxorra, eta gurean dauden enpresen bermea. Talentu lokala”.

Eskari guzti horiek gauzatzeko foroa eratzea onartuta dago jada, eta haren funtzionamenduak Ezkerraldea eskualdean, Meatzaldean eta Oarsoaldean, eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietan zentratutako aurretiazko ponentzien ibilbideari jarraituko diola azaldu dute Debabarreneko alkateek.

2022 01 19 Debabarrena ponentzia legebiltzarra mendaro inakiarregi 1

 • Industrian jarri du lehentasuna Iñaki Arregik
Mendaroko alkate Iñaki Arregik industrian jarri zuen lehentasuna Legebioltzarrean eginiko agerraldian. Bere ustez, Debabarreneko industriaren indar-galerak, biztanleria-galerak eta hiri-degradazioak eskualdearen degradazioan sakondu dute: “Azken datuen arabera, 12 urtetan 200 enpresa industrial galdu ditugu, %31. Biztanleriari erreparatuz, Debabarrena osatzen dugun 8 udalerrietan 73.000 biztanle bizi gara. Duela 2 hamarkada baino % 15,6 gutxiago".
Gaineratu zuen aukerak eskaintzeko eta Debabarreneko herritar guztien ongizatea bermatzeko apustua egin behar dela.
Arregiren iritziz, industriarentzako herria zein eskualdea erakargarri egiteko ahaleginean sakondu behar da. "Enpresa industrialen erritmora egokitu behar dugu, eta ehun ekonomikoarekin elkarlanean herrian bertan aukerak eskaini, aberastasuna eta enplegua mantendu ditzagun herritarren ongizatea bermatzeko. Adi egon behar dugu jokamolde berrietara, ingurune gero eta globalizatuago batean. Gure gakoa espezializazioan dago, eta hori lagundu eta sustatzea dagokigu; aukerak eskaintzea. Horretarako, arrazoizko prezioko lurzorua eta pabiloi eta poligono zaharkituak birmoldatzeko programak behar ditugu”.
Zerbitzuetan ere jarri zuen fokua Mendaroko alkateak: “Zerbitzuak ere bereziki garrantzitsuak dira Mendarorentzat, udalerri txikia baita. Merkataritzarik gabe ez dago bizitzarik gure kaleetan. Gaur egun Mendarok ostalaritzako eta merkataritzako 23 zerbitzu ditu. Biztanleriak behera egin ahala, eta langabezia-tasak gora egin ahala, eragin zuzena du ostalaritzan eta zerbitzuetan. Kontsumoak sufritzen du. Udalerria egiteko oparotasun ekonomiko eta soziala eta azpiegitura egokiak behar ditugu".

Orografiari dagokionez, udalerriak oztopo natural garrantzitsuak dituela azaldu zuen, Deba ibaiak banatzen duela herria, eta auzo batzuek irisgarritasun arazoak dituztela azalduz. Horrez gain, eskualde osoari zerbitzua ematen dion ospitalea dagoela Mendaron nabarmendu zuen. “2022 honetan egia bihurtuko dugu herriaren erdigunea eta goiko auzoak eta ospitalea lotuko dituen igogailu publikoa. Gainera, agerikoa da Ospitala dagoen eraikinak, oro har, zaharberritze integrala behar duela”.

Horrez gain, alkateak berretsi zuen sarrera bakarra duela Mendarok. "Mendarora zubi batetik baino ezin da iritsi, horrek dakartzan arriskuekin: istripuak edo uholdeak direnean, adibidez. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, zubi berri bat proiektatzen ari gara, udalerriari eta tokiko enpresei zerbitzua emateko”.

2022 01 19 Debabarrena ponentzia legebiltzarra mendaro inakiarregi

∞Lotura duten albisteak: