Bilbon egin izan den manifestazioko aldarriak herri eta hiritan barreiaturik entzun ziren zapatuan, osasun egoera tarteko, mobilizazioak tokian toki egitea erabaki baitzuen Sarek. Hala, Euskal Herriko 191 udalerri eta hiritan antolatu zituzten ekitaldiak. Aldarria, baina, bateratua izan zen: Euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu dute, eta gradu progresioan dagoen blokeoa askatzea. Sarek ohartarazi du presoak "eskubideen subjektuak" direla, eta euskal presoen eskubideak bete ditzatela eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei.
Bilbon egin zuten manifestazioaren ostean, Arantza Aldezabalek irakurri zuen mezu nagusia, Sareren izenean. Adierazpen horretan ohartarazi dutenez, ezin dute onartu eta "kosta egiten zaigu sinestea", indarkeriarik gabeko hamarkada baten ostean, "oraindik hain oinarrizkoa den zerbait aldarrikatzen aritu behar izatea, hau da, Nazioarteko Itunek, Espainiako Konstituzioak eta legeek aitortzen dituzten eskubideak". Presoen erdiak Euskal Herritik kanpo daudela, eta soilik 11 daudela hirugarren graduan zgogorarazi zuen. "Ez dugu inolako pribilejiorik eskatzen. Justizia eskatzen dugu, Justizia besterik ez. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara. Ez dira aldarrikapen politikoak", adierazi zuen Aldezabalek.
EAJk zapatuko mobilizazioetan ez parte hartzea erabaki zuen. Alderdiko legebiltzarkide Irune Berasaluze mendaroarrak Sarek Bilbon ETAren, GALen eta segurtasun indarren biktimekin antolatu zuen 'Elkarbizitzarantz aurrera eginez' mahai-inguruan eman zituen erabakiaren gaineko azalpenak. "Errespetua adierazten diegu Sare bezalako mugimendu sozialek ETAko presoen eskubideen alde egiten dituzten mobilizazio deialdi guztiei, baina uste dugu negoziazio politikorako, akordiorako eta lan parlamentariorako garaia dela, ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika amaitzea nahi badugu", adierazi zuen. Berasaluzeri erantzunez, Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak uste du "bateragarriak" direla: "Gobernuak ez dira berez mugitzen, mugiarazi egin behar dira".
*Argazkiak: Elgoibarko eta Mendaroko Sare.