Txillarreko sukaldeko elkarrizketak jende aurrera ekarri zituzten Pello Rubiok, Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek

Barren.eus 2021ko abe. 23a, 10:25

Elgoibarko Udaleko Bizikidetza Mahaiak, Herritarren Bizikidetza Foroarekin elkarlanean, Bizikidetza ereiten jardunaldien bigarren edizioa antolatu du, eta horren baitan egin zuten atzo IMHn mahaingurua "Bakearen sukaldeak" izenburupean. Arnaldo Otegi, Jesus Egiguren eta Pello Rubiok egin zuten berba Maider Maraña Baketik Fundazioko teknikariaren gidaritzapean.

75 lagun inguru gerturatu ziren aretora eta elkarrizketen harira izandako kontu bitxiak kontatu zituzten hiru hizlariek.

Ekitaldiaren hasieran Paco Egeari (Elgoibar 1950-2021) omenaldi xume bat egin zioten. PSE-EEko sailburu eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza kontseilari izan zen EAJ-PSE gobernuan eta 1999az geroztik, Txillarreko elkarrizketa politikoak sustatu zituen. Bere lana aintzat hartuz hiru hizlariek aitorpen hitzak izan zituzten Egearentzat eta honen semeari Txillarreko mahaiaren bueltatik ateratako dokumentu bat eta Paco Egeak Jesus Egigurenekin Vatikanora egindako bidaiako argazki bat eman zizkioten.

Hiru kideek lagun hitzak izan zituzten Paco Egearentzat. Lan kontuetatik ezagutzen zuen Paco Egea Pello Rubiok eta kaleko mugimendutik Arnaldo Otegi. "Kontrako bi bideri atea ireki nien politikaz eta ekonomiaz hitz egiteko eta pertsona hauek izan ziren giltza elkarrizketak sustatzeko, esan zuen Pellok. Azpimarratu zuen garrantzia ordezkari politiko moduan baino pertsona moduan izan dutela eta horrek zeresan handia duela. Bere lana "errazena" izan zela ere esan zuen, tokia egokitzea, gustura egoteko ahalbidetzea, hain zuzen ere.

Arnaldo Otegik ere gauza bera esan zuen, ideologiaren atzetik beti pertsonak daudela eta bera mahaian edozeinekin  berba egiteko prest dagoela. Pacorekin izandako pare bat pasadizo ere kontatu zituen autoestopean berarekin joan izan zenekoa edo Parlamentuan emandako besarkada ere gogoan izan zuen. Hasierako eszeptizismoa ere aipatu zuen, baina mahainguruan behin baino gehiagotanazpimarratu zuten hirurek: "Gure belaunaldien arazoak, gatazka politikoa batez ere, ezin diegu utzi ondorengo belaunaldiei".

Jesus Egigureni Paco Egeak ireki zion Txillarrerako bidea eta honek ere ez dauka ahazteko. Hasieran konfiantza askorik gabe joan zen, bere burua negoziatzaile ontzat ez zeukalako, gauzak zintzotasun osoz esaten dituelako. Baina gero ondo aterako zela sinesten hasi zen eta hala atera dela uste du. Egigurenek ere Egearekin Vatikanora joan zeneko bitxikeria kontatu zuen. Kardinal euskaldun batengana joan ziren negoziazioren berri emateko. Egea gazta eta txakolin botila batekin joan zen eta bera liburu batekin. Apaizak, jan-edanak gehiago eskertu zituela esan zuen Egigurenek.

Sarritan aipatu zuten baita ere elkarren arteko laguntasuna. Arnaldo Otegik esan zuen: "Ez dut konbentzitu independentista egiteko eta berak ere ni ez Espainiaren alde egiteko; politikaz eztabaidatu arren lagunak gara".

Diskrezioa ere ezinbestekoa izan zela aipatu zuten. Pellok kontatu zuen nola Arnaldo letxuga artean eraman izan zuen Txillarrera edo Jesusen bila ere joaten zireb ubir konturatu gabe baserrira eramateko. Klandestinitatean bildu ziren eta bost urtean, Aznar gobernatzen ari zela, ez zirela beren bilerez enteratu esan zuten.

Egiguren ez omen da akordioak sinatu zalea izan eta sekretua gordetzeko dokumentu bat sinatzea eskatu ziotenean asko pentsatu behar izan zuen, baina azkenean sinatu zuen. Besteak beste, akordio horretan jaso zuten, gertatzen zena gertatuta hitz egiten jarraituko zutela. Sinatu zalea ez, ezta dokumentu eta informazioa ordenagailuan jaso zalea ere, badaezpada norbaitek lapurtuz gero edo beraien dokumentuak jasoz gero arriskua saihesteko. Pentsa, behin etxean ordenagailuak lapurtu eta berak informazioa jasotzen zuen koadernoak han utzi zituztela kontatu zuen, beraz, bere sekretuak ez zituztela jaso. Rubalcabak ere ez omen zion paperak eramaten uzten Suizara joaten zenean poliziak gelditu zezakeelako.

Hamaika bitxikeria kontatu zituzten, asko hitz egin arren adostu eta sinatu bezala esandakoak Txillarren geratu direlako eta argi esan zuten elkarrizketa hauek asko ikasteko balio izan diela eta gauzak seriotasunez aztertu arren, sektarioa izateari utzi behar diotela. Oraindik izango dute zertaz berba egin, baina behin eta berriz aipatu zuten bezala lagun giroan, hori izan delako besteak beste Txillarreko sukaldeak eman diena.

 

2021 12 22 Txillarre Mahaingurua 01

 

2021 12 22 Txillarre Mahaingurua 03

2021 12 22 Txillarre Mahaingurua 04

2021 12 22 Txillarre Mahaingurua 06

2021 12 22 Txillarre Mahaingurua 08