Ainara Ladron orain bederatzi urte A8 autobidea ixteagatik epaituko dute gaur

Barren.eus 2015ko abe. 1a, 08:05

A8 errepidea ixteagatik bost gazte epaituko dituzte gaurtik aurrera Donostiako Auzitegian, tartean Ainara Ladron elgoibartarra. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du fiskalak bakoitzarentzat. Ladronek, baina, uko egin dio epaitua izateari. (bideoa dauka)

Urtarrilaren 9 urte beteko dira Ainara Ladron elgoibartarrak beste lau gazterekin batera, Zarautz parean A8 autobidea itxi zutenetik, Segi erakunde "terrorista" izendatu izana salatzeko. Bide mozketa horren inguruko epaiketa gaur hasiko da Donostiako Lurralde Auzitegian.
Protesta harekin bi aldarrikapen nagusi egin nahi izan zituzten gazteek, joan den astean ohar batean gogoratu zutenez. Batetik, "euskal gazteriak militatzeko zuen eta duen eskubidea aldarrikatzea", eta, bestetik, Segi erakundea "terroristatzat" jotzeak "euskal gazteriaren eta Euskal Herriko askapen borrokan edukiko zituen ondorio latzak" salatzea. Hiru aldiz jarri diete epaiketarako data eta hiruretan atzeratu ostean, gaur hasiko da epaiketa.

Ainara Ladron elgoibartarrak, Aritz Azkona arrietarrak eta Naroa Ariznabarreta eibartarrak uko egin diote gaur epaituak izateari. Lege injustuetan oinarritutako epaiketa politikoa dela argudiatuta, ez dute parte hartuko epaiketan. Argia.eus-i azaldu dizkiote arrazoiak hirurek, honako bideoan.

•Kontzentrazioa
Epaiketa salatzeko kontzentrazioa egingo dute Elgoibarren gaur arratsaldean (19:30). Eibarren, berriz, Askegune bat antolatu dute. 18:00etan bideo emanaldia eskainiko dute eta manifestazioa hasiko da 19:30ean.

Lotura duten albisteak: