ETAren biktimei haien minak ez zuela "inoiz gertatu behar" adierazi diete EH Bilduk eta Sortuk

Barren.eus 2021ko urr. 18a, 13:53

Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrenaren harira mintzatzeko agerraldi solemnea egin dute Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek, Donostiako Aiete Jauregian. EH Bilduren eta Sorturen izenean berba egin dute ETAren biktimei adierazi diete haien minak ez zuela "inoiz gertatu behar".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak 'Urriaren 18ko adierazpena'ren berri eman dute gaur goizean, Donostian, Aieteko Jauregian egin duten agerraldi solemnean. Aieteko Nazioarteko Konferentziatik zein ETA erakundearen indarkeria armatuaren amaieratik hamar urte igaro direnean egin dute adierazpena.

Adierazpenaren lehenengo puntuan esan dute ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik hamar urte igarota, "konpromiso hura osorik bete" dela, hau da, erakundearen jardueraren amaiera "osoa eta erabatekoa" izan dela, eta armagabetze eta desegite prozesua modu egokian egin direla, "nazioarteko estandarrek zehazten duten bezala".

Biktimak izan dituzte hizpide adierazpenaren hirugarren puntuan. Bake justu eta iraunkorrak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen duela adierazi dute, eta biktima guztiei eman behar zaiela nabarmendu dute. "Ez dugu haietako bat bera ere ahazten". Adierazi dutenez, "atsekabea eta mina adierazi nahi diegu jasan duten sufrimenduagatik. Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen".

 

 Hona adierazpena bideoan: