Jon Peli Uriguen: “Politikan aritzeak eman didana kendu didana baino askoz gehiago izan da”

Barren.eus 2021ko urr. 1a, 10:42

2007an jaso zuen Jon Peli Uriguenek (Elgoibar, 1968) politikarako deia Eusko Alkartasunaren eskutik. Ordura arte herrigintzan ibilia zen, besteak beste, Morkaikon eta Elgoibarko Izarran, baina politikan ez zeukan esperientziarik. Baiezkoa eman zien, eta EAko zerrendaburu izan zen urte hartan. 2011n Bildu sortu zuten, eta gerora EH Bildu. 14 urte egin ditu politikan, eta Elgoibarko Udaleko zinegotzi izateaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatua ere izan da.

Erreleboa eman dio Aitziber Aranberriri, eta industria mundura itzuliko da bera. Hala ere, EHbildun “laguntzeko prest” jarraituko du, eta Batzar Nagusietako postua ere ez du utziko.

• Legealdia bukatu aurretik erabaki duzu kargua lagatzea. Zergatik orain?
Arrazoi nagusia izan da erreleboa ematea eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko taldea martxan jartzea. Nik argi neukan ez gaudela politikan betikotzeko, eta gure erronka dela helburu batzuen alde lan egitea tokatzen den lekutik. Legegintzaldi hau hasi zenean, argi neukan alkatetza lortuz gero herritarrekiko nire hitza beteko nuela, baina hori gertatu ezean, gure ahalegina etorkizuneko lan taldea prestatzea izango zela. Erronka horri forma eman diogu, eta unea heldu zait, helburuak beteta eta talde indartsu eta gogotsu bat utzita, albo batera egiteko.

Nola iritsi zinen politikara eta nola zoaz Udala lagata? Hau da, zer espero zenuen aurkitzea politikan eta zer aurkitu duzu?
Gazteago eta ile gehiagorekin heldu nintzen politikara (kar, kar…). 14 urte ez dira alferrik pasatu, eta gauza asko bizi izan ditut politikan. Eusko Alkartasunatik deitu zidatenean sartu nintzen politikan. Elgoibarko elkarteetan aritua nintzen (Morkaiko eta Elgoibarko Izarra), baina politikan ez neukan esperientziarik, eta erronkari gogotsu heldu nion. Uste dut herri mailako politika jendeak probatu beharko lukeen arlo bat dela. Askotan ez da esker onekoa, baina oso aberasgarria da. Ez neukan inongo aurreiritzirik udalean sartu nintzenean, eta, beraz, ez dizut esango espero nuena topatu nuenik, baina, edozein arlotan bezala, gauza onak eta txarrak bizi izan ditut. Denborarekin, gauza onak jartzen ditut txarren aurretik. Politikan askotariko esperientziak izan ditut, baina nagusiki, ezagututako jendearekin oroituko naiz. Pertsona oso konprometituak eta saiatuak topatu ditut, borondate onenarekin lanean dauden politikariak eta langile oso prestatuak eta finak. Uste dut kanpoko zarata guztiak ez duela laguntzen harremanak normaltzen.

14 urte egin dituzu Elgoibarko Udalean. Zer izan da onena eta txarrena?
Onena, dudarik gabe, herritarren gertutasuna. Herritarren arazoak ezagutzea, beraien beharrei irtenbideak topatzen ahalegintzea, herritarrekin harremana... Eta bidean ikasitako guztia, pilatutako esperientzia, bidean egin ditudan lagunak… Txarrena, tarteka familiari denbora kentzea, gauzatu ezin izan diren egitasmoak… Unerik gazienak, baina, bidean galdutako pertsonak izan dira. Nola ez naiz gogoratuko nire amaz, 2017ko San Bartolome bezperan utzi gintuena. Baina politika mailan egia esan une gazi-gozoak izan arren, agian gogorrena azken bi urteak izan dira. Ikusten duzunean zentzuzko proposamenak egin arren aurrean dagoen eta erabakiak hartzen dituen taldeak beti ezezkoa ematen dizula. Uste dut denok egin behar dugula autokritika eta bakoitzak jakin beharko lukeela zer egin behar duen herritarren beharrei erantzuteko, baina ezin zaio bizkarra eman laguntza eskaintzen duenari. Momentu gaziez hitz egitean ezin dugu pandemia ahaztu. Oraindik gainean daukagun pandemia hasi zenean elkarlanerako prestutasuna eskaini genion EAJri, baina nahiago izan zuten beraiek bakarrik kudeatzea gaia, bilera eta ekimen askotan gu baztertuz. Berdina gertatu zen Kalegoen plazako 4ko eraikina erori zenean, 2019ko ekainaren 28an, legealdia hasi eta berehala.

EAko zinegotzi moduan iritsi zinen Elgoibarko Udalera, eta gerora EHBilduko kide izan zara. Nola bizi izan zenuen prozesu hori?
Naturaltasunez. 2007an Elgoibarko EAtik deitu zidaten zerrendaburu izateko, eta, hasieran nire kezkak eta zalantzak izan banituen ere, baietza eman nuen. Legegintzaldi hartan EAk 3 zinegotzi lortu zituen eta nik euskararen ardura hartu nuen. Benetan plazera izan zen niretzat Elgoibarko udaleko euskararen ardura nire gain hartzea. 2011n Bildu sortu zen, eta, zailtasunak zailtasun, Bilboko Areatzako 2011ko maiatzeko gau magiko hark islatzen du prozesu osoa. Jende askoren ilusioa biltzen zuen proiektua egikaritu zen, pertsona askoren ahalegin itzelaren ondotik, Euskal Herriko ezkerreko eta independentista ziren jatorri ezberdineko pertsonen arteko proiektu zirraragarria errealitate bilakatu zen, eta indar atzerakoi batzuen ilegalizazio mehatxuen gainetik, herri honek bazeukan proiektu bateratzaile eta aurrerakoia. Bilduren sorrerarekin herri honetan demaseko ilusioa piztu zen, eta ikusten zen aldaketa etor zitekeela. 2011ko Udal Hauteskundeetan Elgoibarren EAJk 7 zinegotzi lortu zituen eta Bilduk beste horrenbeste. Une biziak izan ziren. Egia da PSE-EEk botoa Bilduri emateko aukera planteatu zuela, baina azkenean bere hautagaitza aurkeztu zuen, eta EAJk lortu zuen alkatetza. Hala ere, Gipuzkoan herri askotan aldaketa eman zen, Bildu Aldundira heldu zen… aldaketa posible zela sinetsi genuen. Benetan une pozgarriak izan ziren herri honetan alternantziak ematen duen aberastasuna gauzatzen hasi zelako. Ilusioz beteriko garaia izan zen. Bi aldiz izan naiz alkategai Udalean: EArekin 2007an eta EH Bildurekin 2019an. Prozesu biak oso era ezberdinean, baina ilusio berberaz bizi izan ditut. 2019an alkatetza lortzeko aukera errealak ikusten genituen, eta uste dut oso kanpaina polita izan zela, talde ederra osatu genuela, eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela sinestarazi genuela. Gainera, kontuan izan behar da EH Bildu gorantz doan indar bakarra dela, hauteskundez hauteskunde, eta 2019ko Udal eta Foru Hauteskundeetan EH Bilduk Elgoibarren inoiz izan duen boto kopururik handiena lortu zuela.

2021 10 01 jonpeli uriguen eh bildu elgoibar kalegoen

EA barruko gatazka nola bizi duzu? Zein etorkizun ikusten diozu alderdiari?
Pena handiz bizi dut. Nik alderdiari etorkizun oparoa ikusten diot, beharrezkoa delako EH Bilduren barruan, eta pertsona asko gaudelako lanerako gogoz. Nik EA beti tresna bezala ulertu dut, helburu batzuk lortzeko tresna bezala, eta orain EH Bildu da EAk (eta beste batzuk, noski) erabiltzen duen tresna helburu horiek lortzeko.

Nolako harremana izan duzue Udaleko gainerako alderdiekin?
Harreman pertsonala beti izan da ona beste alderdiekin. Gaur egun EAJ, PSE, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu daude Udalean, eta PP egon denean ere harremana oso ona izan da alderdi guztietako ordezkariekin. Beste gauza bat da lanerako harremana. Azken legealdira mugatzen bagara, udal gobernuarekin izan dugun harremana oso eskasa izan da, batez ere EAJrekin, ahalik eta informazio gutxien ematen saiatu direlako, eta horrek gure lana oztopatu duelako. Pena da, baina horrela izan da. Azkenak aipatzeko: udalak dituen arazoak jakiteko, langileekin dauden kontuak adibidez, erregistrora jo behar izan dugu informazio bila, Pedro Mugurutzako eskolak botatzeko asmoa dagoela udal aldizkarian argitaratu zutelako jakin genuen…