Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzeko prozesua hasi dute

Barren.eus 2021ko ira. 29a, 15:30

Eusko Jaurlaritza memoria demokratikoaren inguruan idazten ari den legearekin bat eginez, Elgoibarko Udalak hasi du Pedro Mugurutza etorbideari izena aldatzeko parte-hartze prozesua.

1936ko altxamenduari edo erregimen frankistari lotutako "erreferentzia oro" ezabatzea eta prozesu hori herritarrekin "era partekatuan" gauzatzea dela helburua azaldu dute Elgoibarko Udaletik.

Dagoeneko zabalik dago izen proposamenak jasotzeko epea, eta Elgoibarren erroldatutako 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte. Izen proposamenak printzipio hauek errespetatu beharko ditu: genero-berdintasuna, ekitatea, ez izatea gaitzesgarria, komikoa edo nahasgarria. Nomenklatura guztiak argumentazio bat beharko dute.

  • Izen proposamenak Arreta Bulegoan, www.elgoibar.eus-en edota etxeko buzoietara bidalitako esku-orriko QR Kodearen bidez egin ahal izango dira, urriaren 15era bitartean.

Proposamen guztiak aztertuko ditu bizikidetza mahaiak, eta ondoren, kale-izendegian parte hartzeko baldintzak betetzen dituztenak sailkatuko ditu. Azken hitza, ordea, elgoibartarrek izango dute eta beren bozka bitartez erabakiko da etorbidearen izen berria.
Aukeraketaren momentuan, flyer bat bidaliko du Udalak herritarren postontzietara. Eskuorri honen bidez, aukeren informazioa helaraziko da etxe guztietara eta udal bulegoetan hautestontzi batean utzi ahal izango da aste batean zehar. Halaber, online galdetegia egongo da eskuragarri udal webgunean. Parte-hartzeko bigarren fase honetan, behin bakarrik bozkatu ahal izango dute herritarrek.
Udalaren asmoa da azken hautaketa prozesua urtea amaitu baino lehen egitea.

2021 09 29 pedro mugurutza izen aldaketa prozesua elgoibar udala