Elgoibarko PSE-EEk esan du bera izan dela Udalbus zerbitzua bermatu duena

Barren.eus 2021ko ira. 21a, 10:50

Elgoibarko PSE-EEk ohar baten bidez erantzun die joan zen astean EH Bilduk egindako kritikei, eta esan dute sozialistek “beti” aldarrikatu dutela herritarrentzat “hain beharrezkoa” den Udalbus zerbitzua.

“2019ko udal hauteskunde programan sozialistok auzoak eta hirigunea lotuko zituen garraio publikoa martxan jartzeko ikerketa egitea aldarrikatu genuen, eta legegintzaldi honen hasieratik zerbitzu hori martxan jartzeko lanean ari gara, botoa eman ziguten herritarrekin konpromisoa dugulako", adierazi dute talde sozialistako ordezkariek.

Era berean, PSE-EEk esan du bera izan dela zerbitzua martxan mantentzea bermatu duena: "2021eko udal aurrekontu proiektuaren negoziazioan, EAJko alkateak zerbitzu horretarako partida ekonomikoa murrizteko eta ondoren kentzeko asmoa zuenez, PSE-EEk Udalbus zerbitzuak martxan jarrai zezala eskatu zuen, Urazandiko igogailuen lanetaz harago. EAJk autobusa kentzea defendatu zuen, eta PSE-EEk lortu zuen EAJk iritziz aldatzea”.
Dena dela, herri barrurako autobus zerbitzua hobetu egin behar dela uste du alderdi sozialistak, gaur egungoa "ez delako nahikoa". Bere ustez, bere jarduera udalerri osora zabaldu behar da, auzoetako bizilagunek ere erabili ahal izan dezaten. Ildo honetan, PSE-EEk "zorroztasuna" eskatu dio EHBilduri kritika politikoan, eta azpimarratu du Udal Gobernuan "ausardiaz eta seriotasunez" jokatzen ari dela, bizilagunen beharrei erantzuteko bere esku dagoen guztia eginez.
 • Mugi sisteman sartzeko bilerak
Bestalde, PSE-EEk bilera bat egin du Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerorekin eta Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari Ander Iturrirekin Udalbus zerbitzua Lurraldebuseko Mugi Sisteman sartzeko, eta elgoibartarrek txartel horren onurak eskuratu ahal izateko. Bilera horretan izan ziren, besteak beste, Ariana Nogales Elgoibarko Udaleko bozeramaile sozialista, Ane Beitia alkatea eta Josu Arraiz alkateordea.

∞Lotura duten albisteak: