Legealdi hasieran hartutako konpromisoak bete dituztela adierazi du Mendaroko PSE-EEk

Barren.eus 2021ko uzt. 6a, 11:16

Mendaroko PSE-EEK legealdi erdiko balorazioa egin du. Legealdiaren lehen bi urteetako "lorpenen" errepasoa egin du Maria Jose Telleriak, eta kritika egin dio EAJk gidatutako Udal Gobernuari, "ahula" izatea eta lidergo falta leporatuta, besteak beste.

Mendaroko PSE-EEko bozeramaile Maria Jose Telleriak azaldu duenez, modu eraikitzailean eta gardenean lan egin dute legealdi hasieratik. Berarentzat garrantzitsuena mendaroarren ongizatea dela nabarmendu du, eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko ekimenak bultzatu dituela bere ekintza politikoaren bidez. Horrez gain, auzotarrengandik gertu, "eskura" egotea izan da bere asmoa, "udalrko osoko bilkuretan eta batzordeetan beraien ahotsa entzun dadin".

Alabaina, lan "zaila" izan dela dio, EAJren udal gobernua "ahula" delako, eta ez duelako kudeaketaren lidergoa hartu nahi. "Oposizioak proiektuak bultzatu arte itxaroten du Udal Gobernuak, jarrera erosoan kokatu baita, gehiengo absolutua duelakoan, eta ez du hartu Covid-19k eragindako egoerak agintariei eskatzen dien lidergoa. Oposizioak etxeko lanak egiten dizkiogu, gure proposamenak beraienak balira moduan aurkezten dituzte eta koloreak ateratzen dizkiegunean egiak ez esatea leporatzen digute", esan du Telleriak. Iñaki Arregiren gobernuari lana eta bete-beteko ardura eskatu dio bozeramaile sozialistak. Bere berbetan EAJren kudeaketa "oso kaskarra" da Mendaron eta lidergo falta "handia" leporatu dio.
Legealdiko lehen bi urteetan talde sozialistak egin dituen ekimenak askotarikoak eta garrantzitsuak izan direla azaldu du Telleriak. "Batzuetan, ekimen horiek aurrekontu handia dute. Baina ekimen guztiek, aurrekontua edozein dela ere, Mendaroko herritarren bizi-kalitatea hobetzeko balioko dute. Adibidez, hor dago guk bultzatutako neurria: gizarte-larrialdietarako laguntzetarako partida udalaren soberakinekin osatzea. Horrela familiek beharrei aurre egingo diote. Are gehiago, pandemiak eragin dituen ondorio larriak arintzeko eta inor atzean ez uzteko".

PSE-EEk azaldu duenez, udal gobernuarekin negoziatu zuen aurrekontua, eta negoziazio horren bidez lortu zuen 2022ko behin betiko aurrekontuetan 60.000 euroko laguntza lerro bat jasotzea, Mendaroko enpresetan kontratazioak sustatzeko, kreditu aldaketa baten bidez. Deialdia "lehenbailehen" argitatzen dela ziurtatzeko adi egongo direla esan dute, herritarrentzako lanerako aukerak "errealitate bat" izan daitezen. Ildo beretik, aurreko ekitaldietan merkataritza-lokalak alokatzeko sustatu dituzten laguntzak ere gogora ekarri ditu Telleriak, laguntza horien bidez ekonomia eta gizartea dinamizatzeko negozio berriak abian jarri zirela azpimarratuz. "Merkataritza-sektoreak lanpostuak sortzen ditu, baina, gainera, oso garrantzitsua da udalerriko bizi-kalitatea mantentzeko eta hobetzeko". Aipaturiko bi ekimenok adibidetzat hartuta, PSE-EEk udalbatzarrean parte hartzeak mendarotarrei enplegu aukera berriak ekarriko dizkiela esan du Telleriak.

PSE-EEk sustatu dituen hainbat egitasmo ere gogora ekarri ditu Telleriak. Ospitalerako irisgarritasuna hobetzeko ipiniko duten igogailu publikoa udal talde sozialistari esker jarriko dutela zehaztu du, eta Gazte Plan bat osatzeko asmoaren berri ere eman du, "mendarotarren errealitatearen diagnostikotik abiatuta, gazteen emantzipazio-, enplegu- eta aisialdi-arazoak konpontzeko, besteak beste". Aldi berean, etxebizitzak alokatzeko dirulaguntza bat ere bultzatu dute, kolektibo horren emantzipazioa errazteko. Mendaron berdintasun plan bat bultzatzeari ere garrantzi berezuia ematen diote. Azkenik, Mendaroko baserrien segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko diru partida bat aipatu du, hiru urterako hitzartua dagoena.

Mendaroko PSE-EEk etxeetan banatu duen eskuorri batean -PDF- jaso du legealdi erdiko balorazioa.

2021 07 05 Maria Jose Telleria pse ee mendaro b1

∞Lotura duten albisteak: