Udazkenean zinegotzi kargua lagako duela aurreratu du EH Bilduko bozeramaile Jon Peli Uriguenek

Barren.eus 2021ko uzt. 5a, 14:31

Jon Peli Uriguen EH Bilduko zinegotzi eta bozeramaileak kargua lagako duela jakinarazi du. Hamalau urte eman ditu Elgoibarko Udalean, eta udazkenean zinegotzi izateari lagako diola aurreratu du.

Zinegotzi izateaz gainera, Elgoibako EH Bilduko bozeramailea da Jon Peli Uriguen (Elgoibar, 1968), eta bera izan da koalizioko alkategaia azkenengo udal hauteskundeetan ere. Uriguen 2007an sartu zen Elgoibarko udalbatzan, Eusko Alkartasuna alderdiko zinegotzi modura. 2011tik 2015era bitartean Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatua ere izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, eta gaur egun ere batzarkidea da Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren taldean.

Elgoibarko EH Bildutik jakitera eman dutenez, Aitziber Aranberrik ordezkatuko du Uriguen bozeramaile lanetan, honek kargua laga ostean. "Unea heldu da taldearen gidaritza beste esku batzuetan uzteko. Hasieran EAko ordezkari gisa, eta gerora Bildu eta EH Bilduren barruan, duela 10 urte sortu genuen proiektu zirraragarri honetan. Ez da gure helburua politikan betikotzea. Horregatik, legealdi berria prestatzeko aurreratu dut nire agurra eta ongietorria eman nahi diot nire lankide Aitziberri", adierazi du Uriguenek.

2021 07 05 jon peli uriguen aitziber aranberri