Espainiako II. Errepublika garaian kontsula izan zen Pedro Lekuona elgoibartarraren berri eman du Elgoibar 1936 taldeak

Barren.eus 2021ko uzt. 2a, 15:16

Diplomazialaria eta idazlea izan zela jaso dute Auñamendi entziklopedian, baina Elgoibarren galdezka hasiz gero, inork gutxik jakingo du Pedro Lekuona Ibartzabal nor izan zen. Asteon eman du haren berri Elgoibar 1936 taldeak, memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den taldeak.

Elgoibar 1936 taldetik aitortu dute eurek ere oraintxe izan dutela Pedro Lekuonaren berri, eta gehitu dute: “Ezjakintasun hori ez da kasualitatez izan, gerra galdu zutenen taldekoa zelako Pedro Lekuona Ibartzabal elgoibartarra”.

1897. urteko urtarrilaren 12an jaio zen, Elgoibarren. Ramon Lekuonak eta Geronima Ibartzabalek izan zituzten bost seme-alabetan gazteena zen: Maria Pilar (1884), Justino (1886), Leonor Justa (1891), Karmelo (1894) eta Pedro bera (1897). Abokatua eta diplomazialaria izan zen ofizioz, baina baita idazlea eta itzultzailea ere. Ezkondua zegoen, baina ez dute lortu norekin jakiterik, eta horrek zaildu die Elgoibar 1936koei haren senideak topatzea. Abokatu ikasketak 1921-22. ikasturtean amaitu zituen eta diplomazialari talderako oposizioak egin zituen ondoren. Oposizioak gaindituta, Londresera bidali zuten lanera lehenengo, eta Revalera [Gaur egun Estoniako hiriburua dena] lekuz aldatu zuten gero. Baina Espainiako II. Errepublikaren kontsulorde ere izan zen Shanghain (Txina), 1923. urtean

 36ko gerran, galtzaile
Kanpoan asko ibilitakoa bazen ere, Errepublikaren aurkako 1936ko altxamendu frankistak Euskal Herrian harrapatu zuen Pedro Lekuona. Bilbon bizi zen sasoi hartan, Estazio kaleko 12. zenbakian, eta anaia zaharrena ere, Justino, etxe berean bizi zuen. Errepublikaren II. Gobernuarentzat lan egindakoa izanda, altxamendua gertatu eta gutxira Baionara ihes egin zuen Pedrok, eta han kontsul lanetan jardun zen. Frankistek egindako epaiketa baten agirian topatu dute haren inguruko informazioa. Honela dio idatziak hitzez hitz, gaztelania garbian. “Honako destino hauek bete zituen, betiere Gobernu Gorriaren aginduetara: 1936ko uztailaren 18an, bigarren mailako idazkari gisa, Estatu Ministerioan; 1936ko abuztuaren 7an, Baionako kontsulatuaz arduratu zen, eta urte bereko urriaren 14an, kontsulatu berean, bitarteko lehen mailako idazkari izendatu zuten; 1938ko martxoaren 9an, Bordeleko kontsulatura eraman zuten, eta han, hilaren 22an, kargua hartu zuen. Azkenik, 1938ko ekainaren 4an, aldi baterako hirugarren mailako ministro ahalguztidun izendatu zuten, Washingtongo enbaxadako kontseilari, eta urte bereko uztailaren 9an karguaz jabetu zen”. Agirietan jasotakoaren arabera, 1944. urtean, Pedroren anaia Karmelo Bilboko epaitegira deitu zuten anaiagatik galdetzeko. Pedro anaiaz ezer ez zekiela deklaratu zuen Karmelok, Ameriketara joana zela arrazoituta [Frankistek epaiketa egin zioten, nahiz bera ez zen epaiketan izan, eta 5 urteko inhabilitazioa eta 25.000 pezetako isuna ezarri zioten]. Gauza jakina zen Washingtonetik Buenos Airesera joan zela eta han ere kontsul lanak bete zituela Espainiako errepublikarentzat.
Idazle eta itzultzailea ere izan zen, baina, Pedro Lekuona. Losada eta Sudamericana argitaletxeentzat aritu zen lanean, baina itzulpen lan guztiak Pedro Ibarzabal ezizenez sinatu zituen. Besteak beste, Richard Llewellynen How green was my valley (Qué verde era mi valle) eta Ernest Hemingwayren To have and have not (Tener o no tener) lanak eman zituen gaztelaniaz.

*Informazio hau osatu dezakezula uste baduzu, jarri Elgoibar 1936 taldekoekin harremanetan: 605 772 285.