Legealdiaren lehen bi urteak "emankorrak" izan dira Elgoibarko PSE-EEren ustez

Barren.eus 2021ko eka. 29a, 11:15

Legealdi erdiko balorazio egin du Elgoibarko PSE-EE alderdiak, eta pandemiak baldintzatutako legealdia izan arren, azken bi urteetan egindako lana "emankorra" izan dela adierazi du Ariana Nogales zinegotziak.

"Alderdi politiko guztiok bat egin dugu krisi ekonomiko eta sanitario honen aurrean. Modu eraikitzailean eta arduratsuan lan egin dugu, Elgoibar eta gure bizilagunak aurrera atera daitezen, ahal den azkarren, eta inor atzean utzi gabe”, esan du PSE-EEko zinegotzi Ariana Nogalesek. Nogalesek Fernando Suarez alderdikidea ordezkatu zuen duela hilabete batzuk, eta horrez gainera, bigarren alkateordea eta langileen eta giza baliabideen ardurako zinegotzia ere bada Elgoibarko Udalean.

Azken bi urteetan egindako lana jasotzen duen eskuorria argitaratu dute Elgoibarko sozialistek (ikus hemen -PDF-)
Nogalesek azpimarratu du Elgoibarko familiei eta merkataritza zein ostalaritza sektoreei laguntzeko neurriak hartzera bideratu dituztela legegintzaldi honetako ahalegin nagusiak, pandemiak eragindako ondorio larriak "arintzeko" asmoarekin. Azaldu duenez, PSE-EEren eta EAJren arteko gobernu akordioa ezinbestekoa izan da egoerari aurre egiteko. "Gobernu akordio hori gabe eta Alderdi Sozialistak egiten duen ekarpenik gabe, ez zen posible izango gobernagarritasuna, bizi izan ditugun egoera latzei aurre egiteko", esan du Nogalesek, eta gogorarazi du gobernu taldearen azken ekintzek "sozialisten zigilua" dutela. Besteak beste, Urazandiko igogailua, King Kongeko zubia hobetzeko proiektua eta herri barruko autobus zerbitzua aipatu ditu.
Urazandin ipini dituzten bi igogailu publikoen harira, Udalean zuzenketa bat proposatu zutela azaldu du, aurrekontu-sailaren bidez Urazandiko irisgarritasuna hobetzeko. "Auzo horrek sei eskailera mekaniko zituen irisgarritasuna hobetzeko, baina irisgarritasuna ez zegoen persona guztientzako bermatuta. Adibidez, gurpil-aulkia erabiltzen zutenek irtenbiderik gabe jarraitzen zuten, eta, beraz, bizilagunek eginiko 'aldarrikapen historiko' honen berri eman genuen Udalean. Udal aurrekontuetan 500.000 euro baino gehiagoko inbertsiorako partida lortu genuen konponbide osoago bat bultzatzeko".
King-Kongeko zubia hobetzeko lanean jarraitzen dutela ere gogora ekarri du Nogalesek, "oinarrizko" proiektutzat dutelako. "Sozialistok 2021eko udal aurrekontuetan aurrekontu-sail bat sartu genuen zubi berriaren proiektuaren idazketa esleitzeko", azaldu du. Zubia ordezkatuko duen pasabide lauago bat eraikitzea da euren proposamena, eta pasabide hori autobus geltokiarekin zuzenean lotzea. "Horrela, King Kong zubia eta Urazandi auzoa modu irisgarrian lotuta geratuko dira, eta, aldi berean, N-634 errepidearen goiko pasabidea eta geltokiaren beheko aldea igogailu baten bidez lotuko da".
Elgoibarbus zerbitzua ere hizpide izan dute sozialistek, eta pozik dira zerbitzu horrek beste bi urtean martxan jarraituko duela-eta. Elgoibarko PSE-EErentzat irisgarritasuna "lehentasunekoa" dela azpimarratu du Nogalesek, euren "apustu politikoa" delako. "Autobus zerbitzua ematen jarraitzeko eskatu genuen, eta lortu dugu. Are gehiago, autobus-zerbitzua udalerri osora zabaltzea nahi dugu, bizilagun guztiak modu seguruan ez ezik, eroso eta era autonomoan ibili ahal izan daitezen".