Memoria partekatuari egindako ibilbideari buruzko mahai-inguru batean parte hartu du Ane Beitia Elgoibarko alkateak Donostian

Barren.eus 2021ko eka. 24a, 16:09

Gipuzkoako sei herritako alkatek, tartean Ane Beitia Elgoibarkoak, Memoria eta egia ezagutzeko mekanismoak: esperientzia lokalak eta globalak izenburuko jardunaldietan parte hartu zuten zapatuan Donostian.

Argituz elkarteak antolatu zituen jardunaldiak eta memoria partekatuaz egindako ibilbideari buruzko mahai-inguruan parte hartu zuen Beitiak, Aizpea Otaegi (Errenteria), Agustin Valdivia (Lasarte-Oria), Maider Lainez (Andoain), Maria Ubarretxena (Arrasate) eta Miren Koldobike Olabiderekin (Legazpi) batera.

Errenteriakoa izan zen Memoria partekatu baterantz izeneko txosten bat landu zuen lehenengo udala, 2015ean, eta hango esperientzia ezagutu ondoren erabaki zuten bide hori lantzea Elgoibarren. “Oso xume hasi ginen: zinegotzi ginenak prestakuntza saio batzuk egiten hasi ginen, esperientziak konpartitzen. Legealdia aldatzean beste kontsentsu bat sortu zen, eta hasi zen Bizikidetza Mahai bat antolatzen”, azaldu zuen Beitiak. “Ausardiaz” eta “kobentzituta” hasi zirela nabarmendu zuen Beitiak, baina zailtasunak ere izan zirela onartu zuen. “Legealdi berriarekin jende berria sartu da, eta kostatzen zaigu diskrezio eta konfiantza giro hori mantentzea. Geldialdi bat dagoenean, kostatzen zaigu hurrengo pausoa ematea; kostatzen zaigu gure siglen txapela kentzea”.