Presoen eskubideen aldeko bizikleta martxa, domekan

Barren.eus 2021ko mai. 27a, 15:11

'Ibilian Ibilian etxerako bidean' lelopean egingo duten dinamika aurkeztu du Sarek, udara begira. Hainbat martxa eta mobilizazio aurreikusten dituzte datozen hilabeteetarako, eta Debagoiena eta Debabarrena artean egingo dute lehena: domekan, maiatzaren 30ean, Oñatin hasi eta Elgoibarren ekitaldi batekin bukatuko den bizikleta martxa.

Salbuespenezko espetxe politika bertan behera lagatzeko eta larriki gaixo dauden presoak askatzeko eskatuko du Sarek domekan. Sebas Etxaniz elgoibartarrak 78 urte beteko ditu aurten, eta Joseba Arregi oñatiarrak, 75 urte. Etxaniz, etxean dago eskuko telematikoarekin, eta Arregi, Martuteneko espetxean. Oñati eta Elgoibar lotuko dituen bizikleta martxa egingo dute domekan. 10:00etan irtengo da tropela Oñatiko plazatik eta Elgoibarren bukatuko da martxa, Maalako parkean. Segidan, Kalebarren plazan egingo dute ekitaldia 13:00etan. Informazio gehiagorako edo izena emateko, ondorengo telefonora deitu behar da: 692 706 011. Barikuan, bestalde, Josu Lariz etxera! Salbuespenezko espetxe politikarik ez! lemapean elkarretaratzea egingo dute 20:00etan, Kalegoen plazan.

Debagoieneko eta Debabarreneko Sareko kideek mobilizazioen berri emateko Oñatin eginiko agerraldian jaso du Goienak honako bideoan.

 

∞Lotura duten albisteak: