Arnaldo Otegik jarraituko du EH Bilduren koordinatzaile nagusi, militanteen %88tik gorako babesa jaso eta gero

Barren.eus 2021ko mai. 11a, 11:03

Euskal Herria Bilduren II. Kongresuko hautagaitzak bozkatu zituzten bilkideek, maiatzaren 6tik 8ra bitartean, eta hamar bilkidetik bederatzik babestu zuten zuzendaritzarako proposamena. Honenbestez, Arnaldo Otegi elgoibartarrak jarraituko du koordinatzaile nagusi karguan.

EH Bilduren Mahai Politikoak Arnaldo Otegi Mondragon (Elgoibar, 1958) proposatu zuen zerrendaburu gisa, eta aurten ez da beste hautagaitzarik aurkeztu. Hegoaldeko Zuzendaritzarako zerrenda eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeko arduradun politikoak bozkatu zituzten Bilduren kongresuan. Otegik gidatutako hautagaitzak militanteen babes zabala jaso zuen; %88,49k eman zuten baiezko botoa, eta %6,65ek ezezkoa. %4,86k bozkatu zuten zuri.

Herri Batasunaren, Euskal Herritarrok-en eta Batasunaren Mahai Nazionaleko kide izana da Otegi, eta legebiltzarkidea 1995etik 2005era. 2009an atxilotu zuten Bateragune auzian, eta 2016ko martxoan irten zen espetxetik, zigorra osorik beteta. 2017tik da EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Hain justu, EH Bildu koalizioak 10 urte egingo ditu aurten.
EH Bilduren zuzendaritza politiko nazionalerako hautagaitzaz gain, bilkideek lurraldeetako arduradun politikoetarako hautagaiak aukeratu dituzte: Ibon San Saturnino Arabako arduradun politikoa izango da (botoen % 87,2), Asier Vega, Bizkaikoa (botoen % 91,2), Nekane Zinkunegi, Gipuzkoakoa (botoen % 95,4), eta Miren Zabaleta Nafarroakoa (% 94,51)