Mintxetako berdegunea urte osoan aisialdirako zabalik edukitzea proposatu du EH Bilduk

Barren.eus 2021ko api. 26a, 10:26

Herriak aisialdirako guneen beharra duela uste du Elgoibarko EH Bilduk, eta behar hori pandemiarekin "are nabariagoa" geratu dela. Mintxetako igerilekuen ondoan dagoen berdegunea urte osoan irekitzea proposatu dute.

Bainu denboraldiak irauten duen hiru hilabeteetan egoten da erabilgarri Mintxetako igerilekuen inguruan dagoen berdegunea. Elgoibarko EH Bilduk proposatu du urte osoan irekitzea. "Herriko zenbait gune guztiz masifikatuta daude, eta gainera erabilera bateragaitzak gertatzen dira askotan; haurren jolasak, pertsona helduen pasealdiak, eta abar. Mintxetak aukera paregabea ematen digu aisialdia naturarekin uztartuz, Elgoibarko adin ezberdinetako erabiltzaileentzat erabilera anitzeko gune bat egokitzeko, eta erdiguneko parke eta plaza batzuk sufritzen duten masifikazioa murrizteko", azaldu dute.

Elgoibarko EH Bildun uste dute eremu horri bigarren erabilera bat eman behar zaiola udaberrian eta udazkenean, herritarren aisialdirako. Hiru hilabetean beharrean urte osoan zabaltzeak hainbat abantaila dituela defendatu dute, eta abantaila horiek zeintzuk diren zehaztu dituzte: Batetik, herritarrentzat arnasgune izan daitekeen berdegune bat irabaziko luke Elgoibarrek; bestetik, herri barruko autobusaren erabilera bultzatuz, pertsona helduek pasiatzeko erabil dezaketelako. Era berean, herriko gurasoek eta haurrek beste aukera bat izango luketelako, "hain masifikatuak dauden erdialdeko aisialdi guneak lasaituz". Eta azkenik, berdegunean dauden ur jolasak erabiltzeko aukera izango luketelako herriko umeek, "udaberri edo udazken hasierako egun beroetan".

Berdegunea irekitzeak herritarrei hainbat onura ekarriko dizkiela gaineratu dute, besteak beste, kirolaren bitartez, haur eta helduen osasunean eragin positiboa izango duelako. "Haurrengan ohitura osasuntsuak sortzen lagunduko du, beste aisialdi eredu bat lantzeko parada paregabea emango digu".
 • Itxiturak eta komun publikoak
Udalean proiektu bat aurkeztu dutela azaldu du EH Bilduk. Proiektu horretan, Mintxetako berdegunea erabilgarri egingo duen itxitura batzuk ipintzea aurreikusten dituzte, "aire libreko igerilekuak babesteko". Horrekin batera, bi komun publiko jartzea proposatzen dute, bata Mintxetako kanpoaldean eta bestea berdegunean bertan. Proposamen honek berarekin dakartzan mantenu eta garbiketa lanak gauzatzeko hartu beharreko erabakiak gainontzeko udal taldeekin eztabaidatu eta lantzeko prest daudela esan dute, eta baita erabiltzaileekin ere, "egon daitezkeen kezkak eta zalantzak gainditzeko". Berdegunearen erabilera eta ekipamendua guztien artean zehaztu daitekeela diote. "Ez dezagun aukera gal. Erabil dezagun Mintxeta urte osoan zehar eta eman diezaiogun bizitza hain ederra den eremu bati!".

Hain zuzen ere, gai honek lekua eduki zuen BARREN aldizkariko azken aleko semaforoa atalean. Mintxetako igerilekuen atzeko parkea urtean zehar zergatik ez duten zabaltzen galdetu zioten herritarrek Udalari BARRENen bitartez. “Elgoibarko hainbat gurasok buruan aspaldidanik darabilgun galdera bat egin nahi diogu Elgoibarko Udalari: Herrietako itxiera perimetralak ohikoak zaizkigun egoeran honetan, zergatik ez da zabaltzen Mintxetako atzekaldeko belardia aisialdi gune bezala urte osoan zehar? Gure ustez ez du aparteko gastu handirik suposatzen halako erabaki batek eta onura handiak ekarriko lituzke beste natur gune bat izango genukeelako erabilgarri Elgoibarren bertan”. Udal Kirol Patronatuko arduradunek esan dutenez, datozen asteetan aztertuko dute gaia Kirol Patronatuaren Batzordean, eta hartuko dute gai honi buruzko erabakia.

Duela urte batzuek ere, 2016an argitaratutako BARREN batean, Udalak eman zituen gai honen inguruko argibideak: “Igerilekuetako berdegunea soilik ireki arren, gune horretan zaintza jarri beharko genuke, jendea uretara sartzeko arriskua egongo litzatekeelako, bai eguraldi ona egiten duenean eta baita eguraldi txarra egiten duenean ere (sorosleen egutegia ez da murrizten eguraldiaren arabera). Horrez gain, beste arrazoi batzuk ere kontuan izaten ditugu berdegunea ez irekitzeko (Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren araudia, aldagelak erabilgarri izateak suposatzen duen garbiketa eta mantenu lanak...)".