“Zentzuzko prezioak” dituzten gazteentzako alokairuak nahi ditu Mendaroko EHBilduk

Barren.eus 2021ko mar. 24a, 15:14

Azkeneko hamarkadetako etxebizitza politikari “negargarria” iritzi dio Mendaroko EHBilduk, eta horregatik, gazteen emantzipazioa lagunduko duten ekimenak “ezinbestekoak eta premiazkoak” direla uste du.

Horien artean Udaletik kolektibo horri etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko neurriak aipatu ditu. Horren harira esan dute etxebizitzen gehienezko alokairua 550 euroan ezartzea proposatu zutela EHBildutik, baina muga hori 700 euroan ezartzekoa duela udal gobernuak biharko osoko bilkuran, kopuru horren inguruan “negoziatzeko tarte handirik utzi gabe”. Gehiegizkoa iritzi dio EHBilduk 700 euroko kopuruari: “Gure ustez, muga hori ezarrita, dirulaguntzak etxejabeentzat lirateke gehiago emantzipatu nahi duten gazteentzat baino; ez bakarrik gehiegizkoak iruditzen zaizkigun prezioak legitimatzeko balio dutelako, baita, praktikan, alokairuaren prezioa igotzen lagundu dezaketelako ere”. Horregatik, bihar egingo den Osoko Bilkuran abstentzioaren alde egingo dutela aurreratu dute. “Bada garaia, etxebitzia pertsonen oinarrizko eskubide bezala onartzeko bidean urratsak emateko”, jaso dute prentsa oharrean.