Mendaroko PSE-EEk eurek aurkeztutako ekimenez “jabetzea” aurpegiratu dio EAJri

Barren.eus 2021ko mar. 22a, 10:40

Maria Jose Telleria bozeramaile sozialistak salatu duenez, PSE-EEk eginiko proposamenak eurenak balira bezela saldu ditu komunikabideetan Mendaroko Udal Gobernuak. “Badakigu oposizioan gaudela, baina gobernu-taldeak ezin digu guri dagokigun lekua ukatu eta merezi ez duen merezimendua beretzat hartu”, esan du Telleriak.

Sozialistek aurkeztutako ekimenez “jabetzea” aurpegiratu dio PSE-EEk EAJri. “Gure taldeak legegintzaldi honetako bi ekitaldietan aurkeztutako ekimenak, udal-aurrekontuen aurrean gure abstentzioaren truke onartu zirenak, gobernu-taldeak bereganatu egin ditu eta hedabideetan bereak izango balira bezala saltzen ari da. Harrigarria da alkateak proiektu horien inguruan egiten duen defentsa, PSE-EEk proposatu behar izan zituenean, alkatearen beraren ekimenik ezaren aurrean. Ordura arte udal-gobernuak ez zuen haiek aurrera eramateko inolako asmorik”, adierazi du Maria Jose Telleriak, prentsa ohar bidez.

EAJk hedabideetan aurkeztutako zenbait proiektu aipatu ditu Telleriak: herrigunea eta ospitalea lotzeko igogailua eraikitzeko proiektua, landa-bideetako inbertsio-partida handitzea, eta gazteei etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak emateko ekimena. Horietan ez dutela euren lana aintzat hartu dio. Era berean, Berdintasun Plana edo negozio berriak abian jartzeko laguntzak ere eurek eginiko proposamenetatik abiatuta kudeatu direla nabarmendu du, eta salatu du gobernu-taldeak ez duela hori hala denik inork jakiterik nahi.

Telleriak zehaztu du proposamen horietako bat bera ere ez zegoela jasota alkateak legegintzaldi honetan aurkeztu zizkien udal-aurrekontuetako proiektuetan eta, sozialistek zuzenketa partzialak aurkeztu ondoren, PSE-EEk eta EAJk izandako negoziazioei esker ahalbidetu zela proposamen horiek udal-gobernuak jasotzea. Era horretan, Telleriaren ustez, gobernuak “ideiarik, proiekturik eta bultzadarik gabe; eta, estrategiarik gabe” dagoela erakutsi du.