Arnaldo Otegi libre uztea eskatzeko manifestazioa egingo dute Donostian zapatuan

Barren.eus 2015ko urr. 15a, 13:51

Arnaldo Otegi aske uztea eskatzeko manifestazioa deitu dute zapatu honetarako. Arnaldo askatu, politika askatu lelopean egingo da protesta, Donostian, 17:30ean. 

"Estatuaren noraeza agerian utzi dugula ospatu nahi dugu", azaldu zuten manifestazioaren deitzaileek manifestazioa iragartzeko Donostian egin zuten agerraldian, joan den domekan, urriaren 11n, hain justu ere, Bateragune auzian zigortutako Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez libre laga zituzten egun berean. Arnaldo askatu, politika askatu ekimeneko ordezkari Angel Ugarteburuk prentsaurreko agerraldian azaldu zuenez, manifestazioaren helburua bake prozesuari laguntzea da. Ugarteburuk urte hauetan eginiko lanaren balorazio positiboa egin zuen: “Ez dugu presoak kartzelatik ateratzerik lortu, baina Estatuak bidegabekeriaz jokatu duela agerian utzi dugu bederen”. Manifestaziao iragartzeko agerraldian Rafa Diezen seme Naike Diez, Ainhoa Beola (Aralar) eta Pernando Barrena (Sortu) izan ziren, besteak beste. Bulebarretik irtengo da manifestazioa 17:30ean. Elgoibartik Donostiara joateko autobusak ere antolatu dituzte. Izena eman nahi duenak Lanbroa eta Iturri tabernetan edo Pitxintxu zein Garate dendetan dauka aukera. 

Arnaldo Otegik berak ere egin du Donostiako manifestaziora joateko deia, Logroñoko espetxetik. Protesta ekitaldi horretan parte hartuz, aske geratu diren Sonia Jacintori, Miren Zabaletari eta Arkaitz Rodriguezi “merezi duten bezala” eskerrak emateko eskatu du. 

Zigor osoa bete ostean, 2016ko apirilean kalean beharko luke Arnaldo Otegik.