Udal aurrekontuen kontra bozkatuko du EHBilduk

Barren.eus 2021ko urt. 25a, 12:43

Eguazteneko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte 2021eko udal aurrekontuak eta EHBilduko zinegotziek aurreratu dute ez dituztela babestuko Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuak, aurreko urteetakoen berdinak direla irizten dietelako, eta euren ustez, koronabirusak baldintzatutako ezohiko egoera honek ezohiko aurrekontuak eskatzen dituelako.

 

Udal aurrekontuei buruzko prentsaurrekoa eman du EHBilduk, eta aurreratu du eguazteneko osoko bilkuran kontrako botoa emango dutela. EHBilduko kideek azaldu dutenez, “aldaketarako itxaropena” izan dute aurten udal aurrekontuen gaiarekin, bereziki, PSE-EEk emendakinak aurkeztu dizkiolako EAJ-k aurkeztutako aurrekontuari. "Leiho hori", baina,  itxi egin dela esan dute,  PSE-EEk  aurrekontuak babesteko asmoa duela aurreratu duelako. “PSOEk berriz ere danbatekoa eman die Elgoibarko herritar guztiei, herri honetan gauzak beste era batera egin daitezkeela sinesten duten guztiei”. EHBilduk esandakoaren arabera, PSE-EEk egindako emendakinak eurek aurkeztutakoen eta Podemosek egindakoen ildo berekoak ziren, eta “bazirudien aldaketa etorriko zela”.

EHBilduk lau bloketan egin zituen emendakinak: ostalaritzarako eta merkataritzarako laguntza zuzenak eta herriko ekonomiarentzat "funtsezkoak" diren bi sektore horiek suspertzeko plan estrategikoen lanketan inbertsioak egitea; HerriBusa martxan jartzea, auzoetako herritarren irisgarritasuna hobetzeko eta, aldi berean, erdiguneko merkataritza suspertzeko; enplegua bultzatzeko plana lantzea; herriko enpresak modernizatzeko eta garai berrietara egokitzeko planen diseinuan inbertitzea; eta "erabat ahaztuta eta abandonatuta" dituzten auzoetan inbertsioak egitea. “Horri guztiari esan diote ezetz EAJk eta PSE-EEk”. EHBilduren ustez ezohiko egoera batek ezohiko aurrekontuak eskatzen ditu, eta euren iritzitz, 2021eko udal aurrekontuak aurreko urteetako aurrekontuen berdinak dira. EHBilduk esan du Elgoibarko Udalak 3 milioiko gerakina daukala, beraz, dirua ez dela arazo, “borondate falta” baizik.

 Penaz esan dute oraingoan ezin izan dela izan, baina nabarmendu dute sozialisten babesarekin edo babesik gabe ere, aldaketa etorriko dela: “aldaketaren trena badator. Oraingoan trena galdu du PSE-EEk, baina oraindik badauka tren hori hartzeko aukera”.